Itxi

Gipuzkoa Basket

77-101

Gipuzkoa Basketek jipoia jaso du Bartzelonaren aurka

Erredakzioa

Delteco GBCk 77-101 galdu du Kataluniako taldearen aurka, Endesa Ligako 13. jardunaldiari zegokion partida.

4:49

Delteco Gipuzkoa Basketek 77-101 galdu du Bartzelona Lassa taldearen aurka Illunben, Endesa Ligako 13. jardunaldiari zegokion partida, abenduaren 23-24ko asteburuan jokatu beharrekoa.

Talde gipuzkoarrak 5-0eko partzialarekin ekin dio neurketari, baina Bartzelonak azkar erantzun eta aurrea hartu du markagailuan (5-9). Etxeko taldeak, ordea, ez dio utzi Barçari alde handia hartzen eta partida parekatuta mantendu du lehen hamar minutuetan, nahiz eta talde bisitariak 3 puntuko abantaila lortu duen (21-24).

Bigarren laurdenaren hasieran eutsi egin dio Delteco GBCk Bartzelonari, baina laurdenaren erdialdetik aurrera talde bisitaria izan da nagusi. Barçak defentsa sendotu du, eta GBCri kosta egin zaio saskiratzeak lortzea; gainera, talde bisitariak erraz asmatu du erasoan. Ondorioz, Bartzelona 14 puntuko aldearekin iritsi da atsedenaldira (41-55).

Atsedenaldiaren ostean, Delteco GBC ez da gai izan aldeak murrizteko eta Bartzelonak 20 puntuko errenta eskuratu du (46-66). Momentu txarra pasa ostean, 11 puntura murriztu du desabantaila Gipuzkoa Basketek (55-66) eta esperantza txiki bat izan du etxeko taldeak. Hala ere, Barçak nagusi izaten jarraitu du, eta 14 puntuko abantailarekin heldu da azken laurdenera (64-78).

Amaierako laurdenean, etxeko taldeak ezin izan du aurretik zekarren desabantaila irauli. Bartzelonak ez du erritmoa jaitsi eta erabat nagusi izan da. Delteco Gipuzkoa Basket ezinean ibili da, eta porrota jaso du (77-101).

Fitxa teknikoa:

77 - Delteco Gipuzkoa Basket (21+20+23+13): Chery (14), Van Lacke (7), Salvo (4), Fakuade (6), Norel (10) -hasierako bostekoa- Agbelese (9), Pérez (5), Pardina, Swing (10), Clark (10), Oroz (2).

101 - Bartzelona Lassa (24+31+23+23): Ribas (3), Navarro (10), Hanga (13), Moerman (10), Tomic (4) -hasierako bostekoa- Seraphin (2), Pressey (5), Heurtel (7), Vezenkov (14), Oriola (8), Koponen (21), Claver (4).

Epaileak: Perez Pizarro, Rial eta Padros.