Itxi

Gipuzkoa Basket

Endesa Liga

Gipuzkoa Basketek ez du aukerarik izan Unicajaren aurka (114-88)

Agentziak | Erredakzioa

Malagako taldea Porfi Fisacen gizonak baino hobeto ibili da, neurketaren ia hasieratik.

  • Fakuaderen saskiratze bat, irudian. Argazkia: EFE.

    Fakuaderen saskiratze bat, irudian. Argazkia: EFE.

Gipuzkoa Basketek Malagako Martin Carpenan galdu du igande honetan, 114-88, Unicajaren aurkako neurketan. Porfi Fisacen gizonek ez dute aukerarik izan; izan ere, talde andaluziarrak ia hasieratik izan du partida kontrolpean. Hala ere, Endesa Ligako talde indartsuenetako baten aurka porrota jasota, Gipuzkoa Basketek sailkapeneko erdialdean jarraitzen du, lasaitasun osoz, 9 garaipen lortuta, 22 jardunalditan.

Unicajak Euroligan bi partida jarraian galduta, garaipena lortu du; hogei hiruko saskiratze erdietsi dituzte, eta Nemanja Nedovic bikain ibili da, 32 puntu sartuta.

Etxekoek, hasieran, Giorgio Shermadini pibotaren baja zutela nabaritu dute. Gipuzkoa Basket mina egiten saiatu da saskiaren azpian, eta lehen minutuetan ondo irten zaio estrategia; izan ere, 4. minutuan 5-9 zegoen markagailua.

Gipuzkoarren abantaila, baina, bertan geratu da. Andaluziarrak nagusitu dira, eta puntu asko lortu dituzte, batez ere 6,75 metroko lerrotik haratago egindako jaurtiketak baliatuz. Alberto Diazek eta Sasu Salinek 20-12koa ezarri dute 7. minuturako; gainera, Nedovic serbiarrak guztiz aldatu du etxeko taldea (30-19, 10. minutuan).

Bolada onak bigarren laurdenean ere jarraitu du; berdeak arlo guztietan gailendu dira, errebotean ere bai (Gipuzkoa Basketek ondo baino hobeto menderatzen du hori, normalean). 13. minutuan, 37-25 zen emaitza.

Bigarren zatian, aldaketarik ez

Atsedenaldiaren ostean, partida ez da aldatu; Unicajak 12 puntu sartu ditu jarraian, Salinen eta Carlos Suarezen lau hirukorekin, eta 25. minutuan 71-49ko emaitza islatzen zuen markagailuak.

Unicaja ez da batere erlaxatu; hiru puntuetako jaurtiketa asko sartu ditu, eta azken laurdena hasi denean 87-63 ari zen irabazten.

Azken minutuetan, Malagako taldeari saskiratze bat falta izan zaio ACBko marka hausteko, hiruko jaurtiketei dagokienez (21ekoa da marka hori); dena den, garaipen oso argia lortu du (114-88).

Fitxa teknikoa:

114 - Unicaja (30+29+28+27): Alberto Diaz (9), Salin (12), Dani Diez (8) Brooks (9), Augustine (6) –hasierako taldea-, Okouo (5), McCallum (7), Rosa (2), Milosavljevic (8), Nedovic (32), Waczynski (9) eta Suarez (7).

88 - Delteco GBC (19+22+22+25): Kenny Chery (10), Salvo (16), Fakuade (8), Swing (5), Norel (7) –hasierako taldea-, Agbelese (9), Van Lacke (-), Perez (6), Oroz (5), Pardina (9) eta Clark (13).

Epaileak: Perea, Castillo eta Martinez. Ez da kanporaturik izan.