Itxi

Gipuzkoa Basket

27. jardunaldia

Gipuzkoa Basketek partida irauli eta garaipena lortu du Tenerifen (88-92)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Gipuzkoarrak 21 punturengatik joan dira galtzen atsedenaldian, baina norgehiagokari buelta ematea lortu dute.

  • Kenny Cherry Rodrigo San Miguelen defentsa gainditu nahian. Argazkia: EFE

    Kenny Cherry Rodrigo San Miguelen defentsa gainditu nahian. Argazkia: EFE

Delteco Gipuzkoa Basketek ezinezkoa zirudien norgehiagoka irabazi du Iberostar Teneriferen kontra, atsedenaldian 21 punturengatik galtzen baitzegoen. Aitzitik, aldageletatik itzuli direnean, beste aldarte batekin kantxaratu dira, eta etxekoek egindako akatsak baliatu dituzte galdua zirudien lehia goitik behera aldatzeko.

Asteazken honetakoa ikusleengan harridura sortzen duten norgehiagoka horietakoa izan da. Iberostar Tenerifek 56 puntu erdietsi ditu lehen bi laurdenetan; ordea, 32 puntu sartzeko besterik ez da gai izan hurrengo bi laurdenetan. Gipuzkoarrak, berriz, 57 puntu sartu dituzte bigarren txanpa horretan.

Josh Akognon izan da lehen bi laurdenetako protagonista nagusia etxekoen aldetik. Jaurti duen ia guztia sartu du, eta 20 puntu lortu ditu tarte horretan. Hari ondo laguntzen Tim Abromaitis hegalekoa aritu da.

Behin atsedenaldira helduta, Porfi Fisac gipuzkoarren entrenatzaileak tarte horretan zeukan denbora guztia erabili du bere taldean egin beharreko zuzenketak agintzeko, eta, hartara, bere esanek isla izan dute kantxan.

Nahiz eta hasierako minutuetan ez duten lortu espero zuten erreakzioa, GBCk ez du etsi, eta gutxika etxekoen aldea murrizten joan dira. Zeregin horretan zerikusi handia izan du Dani Perezek. Lanak bere ordaina ekarri du, eta neurketa irabazteko aukera ikusi dute, eta baita aprobetxatu ere.

Dani Clarkek 41 segundoren faltan sartu duen hirukoak (85-88) kalte handia egin die azken unetan ezinean aritu diren Tenerifeko jokalariei.

Horrenbestez, GBCk poltsikoratu du garaipena, denboraldiko hamaikaggarrena.

Fitxa teknikoa:

Iberostar Tenerife 88 (28+28+17+15): San Miguel (10), Akognon (22), Beirán (5), Abromaitis (17), Tobey (10) –hasierako bostekoa-, Bassas (5), Vázquez (-), Vasileiadis (9), Allen (-), Niang (10), Borg (-) yetaWhite (-).

Delteco GBC 92 (21+14+28+29): Cherry (17), Van Lacke (11), Salvo (4), Clark (16), Agbelese (12) –hasierako bostekoa-, Dani Pérez (19), Swing (7), Pardina (-), Beraza (-) eta Fakuade (6).

Epaileak: Hierrezuelo, Caballero eta Sánchez Montserrat.