Itxi

Gipuzkoa Basket

107-99

Gipuzkoa Basketek garaipena lortu du luzapenean Obradoiroren aurka

eitb.eus

Delteco GBC taldeak 107-99 irabazi du Monbus Obradoiroren aurka eta salbazioa lortzeko aurrerapauso ia erabakigarria eman du.

Delteco Gipuzkoa Basketek 107-99 irabazi dio Monbus Obradoiro taldeari eta mailari eusteko aurrerapauso ia erabakigarria eman du. Luzapenean lortu du garaipena GBCk, partida oso parekatu baten ostean.

Hasiera kaskarra eman dio neurketari Gipuzkoa Basketek eta Obradoirok 6 puntuko abantaila eskuratu du (2-8). Hala ere, azkar eta ondo erantzun du GBC taldeak, aldeak murriztu baititu, eta lehia parekatu baitu (9-10). Ondoren, talde bisitaria nagusi izan da berriro eta 10 puntuko errenta lortu du (18-28). Lehen laurdenaren azken txanpan aldeak murriztu ditu Gipuzkoa Basketek (26-32).

Bigarren laurdenari hobeto ekin dio Delteco GBC taldeak, desabantaila murriztea lortuta eta neurketa berdinduta (38-38). Oso parekatua izan da bigarren laurdena eta azken segundoetan bi puntuko abantaila eskuratu du Monbus Obradoirok (45-47).

Atsedenaldiaren ostean, aurrea hartu du Gipuzkoa Basketek eta hirugarren laurdenaren erdialdean 10 puntuko errenta lortu du (63-53). Lau minututan, ordea, puntu bakarrera gerturatu da talde bisitaria (65-64) eta bi puntuko abantaila lortu du Obradoirok laurdenaren amaieran (67-69).

Azken laurdeneko lehen minutuak parekatuak izan dira (73-72, 76-77 eta 79-79). Dena erabakitzeke egon da azken bost minutuetarako. Oso parekatua eta lehiatua izan da amaierako laurdena eta berdinduta (93-93) heldu da azken 20 segundoetara. Azken jabetza Obradoirok izan du, huts egin du hiruko jaurtiketa eta luzapenera joan da neurketa.

Luzapenari ondo ekin dio Obradoirok, 5 puntuko abantaila hartuta (93-98), baina Gipuzkoa Basketek ez du etsi, neurketa berdindu du (98-98), eta 52 segundoren faltan 6 puntuko errenta lortu du (105-99). Amaieran, Gipuzkoa Basketek irabazi du neurketa (107-99).

Fitxa teknikoa:

107.- Delteco Gipuzkoa Basket: Chery (14), Van Lacke (14), Salvo (11), Clark (18), Agbelese (12)-hasierako bostekoa- Dani Perez (7), Pardina (2), Fakuade (11), Swing (15), Beraza (3).

99.- Monbus Obradorio: Thomas (4), Sabat (6), Radovic (9), Bendzius (20), Pustovyi (6)-hasierako bostekoa- Simons (9), Llovet (17), Navarro (4), Corbacho (17), Pozas (7).

Epaileak: Bertran, Serrano eta Padros. Fakuade eta Pustovyi, kanporatuta.

Markagailua laurden bakoitzeko: 26-32; 45-47-atsedenaldia- 67-69; 93-93- luzapena- 107-99.