Itxi

Gipuzkoa Basket

87-75

Gipuzkoa Basketek Real Madrilen aurka porrota jasota ospatu du salbazioa

Erredakzioa

Delteco GBC taldeak 87-75 galdu du Real Madrilen aurka eta ezin izan du garaipenarekin ospatu beste denboraldi bat emango duela Endesa Ligan.

Delteco GBC taldeak 87-75 galdu du Real Madrilen aurka WiZink Center pabilioian eta Donostiako taldeak ezin izan du garaipenbatekin ospatu beste denboraldi bat emango duela Endesa Ligan, salbazioa lortu baitzuen larunbatean emandako emaitzei esker.

Bikain ekin dio Gipuzkoa Basketek partidari, Real Madrili 0-7ko partziala lortuta. Ondoren, 10 puntuko abantaila ere izan du talde gipuzkoarrak (4-14), baina Real Madrilek aldeak murriztea lortu du (10-14). Etxeko taldea gerturatu denean, GBC ez da kokildu, berriro abantaila hartu du, eta lehen 10 minutuak aldeko 12-22ko emaitzarekin amaitu ditu.

Lehen laurden bikaina egin arren, bigarren laurden oso txarra osatu du Delteco GBC taldeak. Real Madril desabantaila murrizten hasi da, laurdenaren erdialdean aurrea hartu du (27-25), eta aurrea hartu duenetik, zuloa ireki du Lasok zuzentzen duen taldeak, atsedenaldira iristean 10 puntuko abantaila lortu duelarik (43-33).

Atsedenaldiaren ostean, erabatekoa izan da Real Madrilen nagusitasuna. Lasok zuzentzen duen taldea izan da jaun eta jabe. Gipuzkoa Basket gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatu da, baina aurkariaren maila gehiegizkoa izan da. Hiugarren laurdena 74-53ko emaitzarekin amaitu da.

Azken laurdenerako dena erabakita egon da. Real Madril Euroligako Lauko Finalean pentsatzen ibili da, eta Lasok atsedena eman die jokalari garrantzitsuenei. Azkenean, Delteco GBC taldearen porrota (87-75).

Fitxa teknikoa:

87 - Real Madril (12+31+31+13): Causeur (2), Randle (11), Radoncic (4), Yusta (5) eta Tavares (19) -hasierako bostekoa-, Carroll (15), Rudy (6), Reyes (2), Llull (18) eta Ayon (5).

75 - Delteco GBC (22+11+20+22): Van Lacke (5), Perez, Fakuade (5), Swing (9) eta Clark (15) -hasierako bostekoa-, Agbelese (6), Chery (20), Salvo (3), Oroz (2), Pardina (6), Maiza eta Urtxulutegi (4).

Epaileak: Daniel Hierrezuelo, Vicente Bulto eta Antonio Sacristan. Kanporaturik gabe.