Itxi

Gipuzkoa Basket

92-87

Gipuzkoa Basketek garaipena oparitu die zaleei, Joventuti irabazita

eitb.eus

Delteco GBC taldeak 92-87 irabazi dio Divina Seguros Joventuti, Endesa Ligako azken-aurreko jardunaldiko partida.

Delteco GBC taldeak 92-87 irabazi dio Divina Seguros Joventuti Endesa Ligako azken-aurreko jardunaldiko partida, eta talde gipuzkoarrak denboraldiko 13. garaipena eskuratu du.

Ez dio ondo ekin partidari Gipuzkoa Basketek eta Joventut horretaz baliatu da markagailuan zuloa irekitzeko. Kataluniako taldeak 9 puntuko abantaila lortu du (7-16) lehen laurdenaren erdialdean, baina GBCk garaiz erreakzionatu eta desabantaila murriztea lortu du (19-23).

Bigarren laurdena parekatuagoa izan da. Bi taldeetako bat ere ez da gai izan abantaila handiak lortzeko, eta Delteco GBCk neurketa berdintzea lortu du (35-35). Berdinketaren ondoren, ordea, Joventutek abantaila hartu du berriro (35-40) eta Gipuzkoa Basket 5 puntuko desabantailarekin heldu da atsedenaldira (41-46).

Atsedenaldiaren ostean, nagusi izan da talde bisitaria. Lehen minutuetan, lehia estu joan da, baina minutuak igaro ahala Joventutek aldea egin du berriro (57-65). Porfi Fisac entrenatzailea egotzi egin dute, baina taldeak ez du etsi eta hirugarren laurdena berdinduta amaitu da (65-65).

Azken laurdena oso parekatua izan da. Markagailua estu joan da, baina azken bost minutuetan Delteco Gipuzkoa Basket aurkaria baino gehiago izan da. Etxeko taldearen nagusitasunak saria izan du, eta talde gipuzkoarrak garaipena lortu du azkenean (92-87).

Fitxa teknikoa:

92.- Delteco Gipuzkoa Basket: Dani Perez (7), De la Iglesia, Swing (10), Fakuade (9), Clark (11) —hasierako bostekoa—, Chery (18), Van Lacke (7), Agbelese (15), Pardina, Salvo (6), Oroz (4), Maiza (5).

87.- Divina Seguros Joventut: Conger (14), Birgander (8), Ventura (5), Gielo (15), Laprovittola (16) —hasierako bostekoa—, Dimitrijevic (2), Demitrius, Lopez Arostegui (4), Vidal (4),  Kulvietis (4), Nogues, Richard (9), Jerome Jordan (6).

Epaileak: Perufa, Araña eta Sanchez. Porfi Fisac kanporatu dute hirugarren laurdenean.

Markagailua: 19-23; 41-46; 65-65; 92-85.