Itxi

Baskonia

Asteazkenean, 18:45etan

Baskoniak Zalgiris Kaunasen kantxan hasiko du Top 16a

Agentziak | Erredakzioa

Lituaniako taldea multzoko ahulenen artean dago. Tartean daude Real Madril, Bartzelona, CSKA Mosku, Olinpiakos eta Khimki Mosku.

Baskoniak Zalgiris Kaunasen kantxan jokatuko du, asteazkenean 18:45an, Euroligako Top 16ari hasiera emateko, fase honetako lehenengo garaipenaren bila. Partida zuzenean emango dute ETB-1ek eta eitb.eus-ek.

Laboral Kutxak F Multzoko ahulenetariko talde baten aurka estreinatuko du egutegia. Multzoko beste taldeak Real Madril, Bartzelona, CSKA Mosku, Olinpiakos eta Khimki Mosku dira.

Velimir Perasovicen taldeak zuzenean jo du Lituaniara, neurketara lasaiago heltzeko, eta Gasteizera itzuliko dira partida bukatu bezain laster, urte bukaeran familiekin egon ahal izateko.

Jokalari guztiak izango dira prest, Davis Bertans kenduta. Letoniakoa urtarrilean itzultzea espero da, eta horregatik eman dute bere izena txapelketan, Top 16a jokatu ahal izateko.

Ioannis Bourousis izango dute baskonistek. Euroligako fase erregularraren jokalaririk baloratuena eta erreboteatzailerik onena izan da, eta Endesa Ligan abenduko onena izendatu dute. Baskoniako jokoaren motorra da.

Intentsitatea eta kontzentrazioa 40 minutuetan gakoak izango dira, Teneriferen eta Bilbao Basketen aurka egindako akats berak ez errepikatzeko, eta hurrengo partidei begira konfiantza emango liokeen garaipena eskuratzeko.

Zalgiris Kaunasek bosna garaipen eta porrot eskuratu ditu fase erregularrean.