Itxi

Baskonia

FIBAren zigorra

Baskoniak ezin du fitxaketarik egin, Hodgekin dituen zorren ondorioz

Agentziak | Erredakzioa

Kluba "harrituta" dago FIBAk hartutako erabakiarengatik, batez ere, iragan astean zorraren "zati handi bat ordaindu" eta gainontzekoa ordaintzeko "egutegia zehaztu" zutelako.

  • Walter Hodge, Baskoniako jokalaria zen garaian. Argazkia: Efe.

    Walter Hodge, Baskoniako jokalaria zen garaian. Argazkia: Efe.

FIBA Nazioarteko Saskibaloi Federazioak zigorra fitxaketak egitea debekatu dio Laboral Kutxa Baskoniari, Walter Hodge jokalariarekin duen 120.000 euroko zorra kitatu arte. Klubaren arabera, zor horren erdia bakarrik geratzen zaie ordaintzeko.

FIBAk hirugarren artikulua aplikatu du Baskoniari zigorra jartzeko. Artikulu horren arabera, gasteiztarrek ezin izango dute fitxaketarik egin zorra guztiz ordaindu arte.

Hodgek 2013ko udan sinatu zuen Baskoniarekin, bi denboraldirako, baina 15 neurketa bakarrik jokatu zituen 2013-14 denboraldian.

2014ko udan Laboral Kutxatik ateratzeko akordioaren arabera, klubak 135.000 dolar ordaindu behar zizkion, 120.000 euro inguru, atzeratutako soldaten eta tasa ezberdinen eraginez.

Baskoniak zigorra errekurrituko du

Laboral Kutxak iragarri duenez, zigorra errekurritu egingo du, eta FIBAren erabakiak "harridura" sortu diela adierazi dute, batez ere iragan astean zorraren "zati handi bat ordaindu" eta gainontzekoa ordaintzeko "egutegia zehaztu" zutelako.