Itxi

Baskonia

Euroligako Top 16a

Erakustaldia eman du Laboral Kutxak Brose Basketen aurka (90-64)

Leire Etxazarra | eitb.eus

Arabarrek amaiera bikaina eman diote Top 16ko lehen izuliari, bosgarren garaipena lortuta. Perasovicen mutilek jipoia eman diote Brose talde alemaniarrari.

1:15

Laboral Kutxa Baskoniak gozatuta irabazi dio Brose Basket talde alemaniarrari Buesa Arenan, Euroligako Top 16ko zazpigarren jardunaldian. Arabarrak jaun eta jabe izan dira, 30 puntuko aldea ere izan dute markagailuan, eta azkenean 90-64 gailendu dira. Bosgarren garaipena lortu dute Top 16an, lehen itzulia amaitu berri denean.

Baskoniak lehen segundoetan aurrea hartu du markagailuan, eta seinakoa anekdota baino ez da izan. Jokoa, denbora eta intentsitatea Perasovicen mutilek menderatu dituzte, eta alemaniarrek ezer gutxi egin ahal izan dute gasteiztarrak geldiarazteko.

Horren ondorioz, lehen laurdenaren amaiera 13 puntuz izan dira aurretik (26-13). Jokoaz gozatzeaz gain, Buesako zaleek Bertansen berragerpena txalotu dute, 10 hilabete lesionatuta eman eta denbora horretan Gasteizko kantxan jokatu gabe egon ostean.

Bigarren laurdenean, arabarrek diferentzia handitu dute (19 puntu, 49-30), Bourousis handiaren joko bikainaz baliatuta. Taldekideek ere goi-mailako jokoa egin dute.

Bigarren zatia

Hirugarren laurdenaren hasieran, etxekoen errendimenduak behera egin du, eta alemaniarrek 2 eta 12ko partziala egiteko aprobetxatu dute. Baina erreakzio horrek ez du jarraipenik izan. Laboral Kutxak neurketaren gidaritza hartu du berriro, eta markagailuko aldea berriro handitu dute.

Laugarren laurdena 26 puntuko abantailarekin hasi dute: 72-46. Azken 10 minutuak topera disfrutatu dituzte gasteiztarrek. Dena atera zaie, eta ondo, gainera. Talde alemaniarrak amore eman du, eta partida noiz amaitu itxaroten egon dira.

Azkenean, Baskonia 90 eta 64 nagusitu da. Bosgarren garaipena erdietsi dute Euroligako Top 16an.

Fixa teknikoa

90 Laboral Kutxa (26+23+23+18): Adams (11), Causeur (4), Hanga (7), Tillie (5), I. Diop (2) -hasierako boskotea-, James (16), Blazic (7), Corbacho, Bertans (12), Bourousis (18), M. Diop.

64 Brose Baskets (13+17+16+18): Zisis (7), Wanamaker (11), Melli (4), Radosevic (4), Miller (4) -hasierako boskotea-, Strelnieks (5), Theis (10), Harris (8), Heckmann (8), Staiger.

 

ipt>