Itxi

Baskonia

Kopa

Baskonia, Kopako titulua eskuratzeko faboritoetakoa

Agentziak | Erredakzioa

Gasteiztarrak oso sendo dabiltza; erdietsitako azken garaipenek ondo islatzen dute Perasovicen gizonak sasoi betean daudela, aurkari gogorren artean lortu baitituzte.

1:02

Baskonia Coruñako Errege Kopako faborietakoa da. Iaz ez zen Koparako sailkatu Baskonia, baina orain bueltan daude gasteiztarrak, eta aurreikuspen askok diote faborito nagusien artean daudela; izan ere, maila oso ona eman dute orain arte, denboraldiko lehen zatian.

Baskoniak tradizio handia du Kopan, eta lehiaketa honen xehetasunak oso ondo menperatzen ditu (tentsioa, intentsitatea, lehiaketa laburra izatea…). Velimir Perasovic entrenatzaileak jokalari eta entrenatzaile gisa irabazia du titulua Baskoniarekin (1995ean eta 2006an).

Sei Kopako titulu ditu Baskoniak historian, baina 2007tik hona ezin izan du finala jokatu; urte hartan irabazi zuen titulua azken aldiz, Madrilen, Unicajaren aurka.

CSKAren aurka Gasteizen, Bartzelonan eta Madrilen lortutako garaipenak

Euroligan lortutako garaipenek, CSKAren aurkakoak Gasteizen eta Real Madrileko eta Bartzelonako pabilioietan gauzatutakoek, egiaztatzen dute Baskonia sasoi betean dagoela. Azken hiru denboraldietan ez da finegi ibili taldea, baina aurten, berriro ere, ikusten zaio onenen parean dagoela.

Laboral Kutxaren sentsazioak oso onak dira. Jokalari guztiak dira garrantzitsuak, eta, gainera, jokoa aldatzeko gaitasuna erakutsi dute, aurkaria kontuan izanda.

Bourousis, benetako erreferentea

Defentsa oso ona egiten du Baskoniak, baina benetako erreferentea Ioannis Bourousis da. Saskibaloian jokatzeko ilusioa berreskuratu du greziarrak, eta profesional mailan dagoenetik denboraldirik onena ari da egiten. Bourousis Baskoniari komeni zaizkion egoera guztiak kudeatu eta menperatzen ditu. Saskiaren azpian sekulako indarra du, baina paseak emateko trebetasuna ere badu, baita hirukoak sartzeko gaitasuna ere.

ACBn ez dago berak baino balorazio handiagorik duenik, eta erreboteetan ere lehen postuan dago. Bourousisek, Ligan egiten ari denaz gain, Kopan ere izan nahi du onena.

nahi du onena.