Itxi

Baskonia

Euroliga, 4. jardunaldia

Baskoniak ezin izan du Olinpiakos gainditu (90-95)

Agentziak | Erredakzioa

Greziarrek garaipena lortu dute Buesa Arenan, azken bi laurdenetan egindako jokoari esker. Gasteiztarren bigarren porrota da Euroligan, lau jardunaldi jokatuta.

2:52

Baskonia hustu egin da partidaren amaieran eta galdu egin du Olinpiakosen aurka 90-95. Greziarren artean, Vassilis Spanoulis izan da izarra, 15 puntu eta 15 asistentziarekin.

Arabarrak nagusi izan dira lehen bi laurdenetan, eta garaipena lortzeko aukerak izan ditu azken minutura arte, baina ez du saskiratzeetan asmatu.

Shane Larkin, 20 puntuko balorazioarekin, Adam Hanga (19) eta Tornike Shengelia (20) izan dira Baskoniako jokalaririk onenak, baina ez dira amaieran oso fin ibili.

Hiruko jaurtiketek erabaki dute lehen laurdena. Arabarrek 7 eta 0eko partziala egin dute eta 22 eta 17 izan dira aurretik. Olinpiakosek, hala ere, aurre egin dio egoerari eta 27 eta 22ko emaitzarekin amaitu da lehen laurdena.

Gasteiztarrak aldea handiagotzen saiatu diren arren, Olinpiakosek bereari eutsi dio eta markagailuan gerturatzea lortu du. Hala ere, atsedenaldian Sito Alonsoren taldea aurretik izan da berriro, 52-47.

Bigarren zatia, greziarrena

Atsedenaldiak hobe egin die greziarrei eta emaitza iraultzea lortu dute, 64 eta 70ko aldea lortuz. Jarraian, baskonisten erreakzioa etorri da, eta hirugarren laurdena 74 eta 72 amaitu da.

Azken 10 minutuetan, etxekoak hiru puntura jarri dira, 87-90, eta gehiago hurbiltzeko aukera ere izan dute, baina Greenek hirukoa sartu eta pertsonala lortu du, eta horrek neurketa greziarren alde jarri du. Azkenean, 90 eta 95.

 

Fitxa teknikoa

90. Baskonia (27+25+22+16): Larkin (14), Blazic (9), Hanga (15), Shengelia (20), Voigtmann (7) -hasierako boskotea-, Luz (-), Tillie (6), Beaubois (5), Sedekerskis (-), I. Diop (9), eta Josh Akognon (5).

95. Olinpiakos (22+25+25+23): Spanoulis (15), Mantzaris (17), Papanikolaou (15), Birch (8), Printezis (-) -hasierako boskotea-, Milutinov (4), Green (13), Young (4), Papapetrou (5), Agravanis (-), Hackett (5) eta Lojeski (9).

a Lojeski (9).