Itxi

Baskonia

Endesa Liga

Kanaria Handiaren kantxa zaila mendean hartzen saiatuko da Baskonia

Agentziak | Erredakzioa

Baskoniak oraindik ez daki zer den Gran Canaria Arena kantxan irabaztea; izan ere, badira bost urte ez diola Kanaria Handiari bisitari gisa irabazten.

  • Matt Janning baskonista defentsa-lanean Aleksandar Cvetkovicen (Estudiantes) aurrean. Argazkia: EFE

    Matt Janning baskonista defentsa-lanean Aleksandar Cvetkovicen (Estudiantes) aurrean. Argazkia: EFE

Estudiantesen aurka eskuratutako garaipenaren bidez suspertu den Baskoniak Herbalife Kanaria Handiaren kantxa bisitatuko du bihar, bertan garaipena eskuratzeko asmoz, eta horretarako Rodrigue Beaubois eta Tornike Shengelia erabilgarri izango ditu Pablo Priogioni gasteiztarren entrenatzaileak, euren lesioak atzean utzi baitituzte, osteguneko norgehiagokan ikusi ahal izan zenez.

Hori bai, Priogionik ezin izango ditu Patricio Garino herrikidea Jordan McRae estatubatuarra erabili, bakoitzak bere sendatze-prozesuan murgilduta jarraitzen baitute.

Baskoniak oraindik ez daki zer den Gran Canaria Arena kantxan irabaztea; izan ere, badira bost urte ez diola Kanaria Handiari bisitari gisa irabazten. 2012/2013 denboraldiko hirugarren jardunaldian irabazi zuten azkenekoz gasteiztarrek Las Palmasen, 64-80.

Kanariarrek, bere aldetik, bitik bi irabazi dute liga hasiera honetan (Gipuzkoa Basketi eta Tecnyconta Zaragozari), eta jokalari guztiak jokatzeko gertu ditu Luis Casimiro entrenatzaileak.

Herbalifek baditu aurpegi berriak denboraldi honetarako, baina taldearen oinarriak bere horretan jarraitu du, besteak beste, Albert Oliver, Xavi Rabaseda, Pablo Aguilar, Eulis Báez eta Anzejs Pasecniksek bertan segitzen baitute.

Berritasunak Gal Mekel, DJ Seeley, Shaquielle McKissic eta Ondrej Balvin dira, eta denbora beharko dute beste taldekideekin erabat uztartzeko, baina lorpen hori gauzatzen duten bitartean, ondo ekin diote ibilbideari, Endesa Superkopan Real Madril azpiratu baitzuten.