Itxi

Baskonia

Euroligan

Valentzia Basketek ez dio aukerarik eman Baskonia ezezagun bati (63-80)

Agentziak | Erredakzioa

Txus Vidorretaren talde osoak egindako lan bikainak ezerezean utzi ditu gasteiztarren ahaleginak, eta Euroligan irabazi gabe jarraitzen dute.

  • Valentzia nagusi azaldu da Buesa Arenan. Argazkia: EFE

    Valentzia nagusi azaldu da Buesa Arenan. Argazkia: EFE

Valentzia Basket oso nagusi azaldu da Buesa Arenan eta ez dio partida irabazteko aukerarik eman Baskonia ezezagun bati, Euroligako hirugarren jardunaldian, eta azkenerako erraz gailendu zaio (63-80).

Txus Vidorretaren talde osoak egindako lan bikainak ezerezean utzi ditu gasteiztarren ahaleginak, eta azken laurdenean burua jaitsi dute. Horrenbestez, gasteiztarrek garaipenik lortu gabe jarraitzen dute aurtengo Euroligan.

Valentziak Gasteizera egin beharreko bisitarako zituen baja garrantzitsuak alde batera utzi ditu, eta jokatu dutenek maila bikainean jardun dute, horren adierazlea da horietako bostek 10 puntu baino gehiago sartu dituzte. Baskoniaren aldetik, berriz, Tornike Shengelia izan da eraginkor azaldu den jokalari bakarra (22 puntu eta 11 errebote).

Prigioniren dimisioa

Norgehiagoka bukatu ostean, Pablo Prigioni Baskoniako entrenatzaileak dimisioa eman du, bere aginduetara taldeak pilatu dituen emaitza kaskarrengatik.

"Etsita nago klubak niregan jarri zituen asmoak ezin beteta nabilelako", adierazi du dagoeneko arabarren teknikari ohia denak. Hori dela eta, barkamena eskatu nahi izan die bai taldeari, bai zaleei.

Fitxa teknikoa:

Baskonia 63 (13+26+15+9): Granger (12), Beaubois (8), Timma (6), Shengelia (22), Diop (6) -hasierako bostekoa-, Voigtmann (-), Janning (-), Poirier (2), Huertas (-), Garino (-) eta Vildoza (7).

Valencia Basket Club 80 (28+22+17+13): Vives (3), Green (15), Doornekamp (8), Thomas (-), Dubljevic (11) -hasierako bostekoa-, Abalde (13), Van Rossom (5), Pleiss (15), Rafa Martínez (10), Hlinason (-) eta Puerto (-).

Epaileak: Christodoulou, Christos (Grezia), Pastusiak, Piotr (Polonia) y Majkic, Mario (Eslovenia). Faltengatik kaleratutako jokalariak: Diop (39. min) eta Pleiss (38. min).