Itxi

Baskonia

Euroligako 8. jardunaldia

Baskoniak etxetik kanpo irabazi nahi du Euroligan, Zalgirisen aurka

Agentziak | Erredakzioa

Atsedenik hartzeko betarik gabe, gasteiztarrak Lituaniara doaz, oso sasoiko dabilen eta joko ikusgarria egiten duen taldearen aurka aritzeko.

Real Madril jipoitu ostean indarberrituta dagoen Baskoniak lehen garaipena lortu nahiko du etxetik kanpo aurtengo Euroligan, Zalgiris Kaunasen aurrean.

Atsedenik hartzeko betarik gabe, gasteiztarrak Lituaniara doaz, oso sasoiko dabilen eta joko ikusgarria egiten duen taldearen aurka aritzeko.

Pedro Martinezek ezin izango ditu erabili Patricio Garino eta Ilimane Diop jokalariak. Lehenari ebakuntza egin diote asteazken honetan, igandean maisalezurra apurtu eta gero; bigarrenak, aldiz, atzamar bat hautsi zuen Real Madrilen kontrako norgehiagokan.

Sarunas Jasikeviciusen mutilak lau partida irabazita eta hiru galduta iritsiko dira lehiara, asteartean Unicaja Malagari luzapenean irabazi eta gero.

Azpimarratzekoa da talde lituaniarrak batez ere etxetik kanpo erakusten duela bere indarra; izan ere, Bartzelonaren, Armani Milanen eta Unicajaren etxean irabazi baitu.

Nahiz eta izar handirik ez duten, taldeko buru ageri direnak Kevin Pangos eta Paulius Jankunas dira.

Baltikokoak hirugarrenak dira balorazioaren sailkapenean, eta punturik gehien sartzen duen bigarren taldea da, batez beste 81 puntu sartzen baitituzte.

Baskoniako jokalariak adi egon beharko dute lituaniarren jaurtitzaileekin, hiruko jaurtiketan eraginkortasun altua baitute, % 42koa, hain zuzen ere, lehiaketako bigarren onena.

Osteguneko lehia horretan talde bien arteko berdintasuna apurtuko da, orain arte hamasei aldiz jokatu baitute elkarren aurka, eta bakoitzak zortzi garaipen lortu ditu (horietako hiru aurkariaren etxean).