Itxi

Baskonia

Euroligako 10. jardunaldia

Baskoniak amore eman behar izan du txapeldunaren nagusitasunaren aurrean (69-83)

Agentziak | Erredakzioa

Zeljko Obradovicek zuzentzen duen Fenerbahce Dogus talde turkiarrak gasteiztarren bolada ona eten du.

  • Kevin Jonesek Baskoniaren elastikoarekin debutatu du. Argazkia: EFE

    Kevin Jonesek Baskoniaren elastikoarekin debutatu du. Argazkia: EFE

Baskoniak galdu egin du ostegun honetan Euroligako egungo txapelduna den Fenerbahce Dogus taldearen aurrean, eta, hortaz, eten egin du jarraian lortutako bost garaipeneko bolada ona. Partidan zehar oso eraginkor aritu diren Kostas Sloukas (14 puntu) eta James Nunnally (16) jokalariek berebiziko garrantzia izan dute turkiarrak Buesa Arenatik garaile atera zitezen (69-83).

Turkiarrek ez dituzte Gasteizera egindako aurreko bisitaldi batzuetako akatsak errepikatu, eta hirugarren laurdenean izan duten erreakzioari esker Baskoniaren indarra itzaltzeko gai izan dira Jan Vesely izarrari esker.

Aitzitik, hasierako minutuetan Marcelinho Huertasek olatu gainean eraman du bere taldea (25-15, 9. minutuan) lehen laurdenaren amaierara arte. Hortik aurrera, baina, egungo txapelduna esnatu egin da, eta neurketa zeharo aldatu da.

Bigarren laurdenaren erdialdean, 4-11koa zen kanpotarren aldeko partziala, eta neurketa parekatzea lortu dute horrela (29-28). Gainera, atsedenaldira heldu orduko aurretik jarri dira Wanamakerren puntuen bidez, eta, horrenbestez, lau puntuko errentarekin joan dira aldageletara (37-41).

Hirugarren laurdenean, Baskoniak ezin izan du ezertxo ere egin aurkariak azaldu duen puntu-jarioaren aurrean, eta norgehiagoka apurka-apurka turkiarren aldeko itxura hartzen joan da (51-62). Jaurtiketan bikain aritu den Sloukasek sei asistentzia banatu ditu azken bi laurdenetan.

Baskonia azken ahalegina egiten saiatu da, baina Obradovicen mutilek ekinean jarraitu dute, eta, azkenerako, hamalau puntuko aldearekin irabazi dute (69-83).

Gaurko garaipenarekin, hirugarren postuan kokatu dira behin-behinean, jardunaldiko gainerako partidak jokatu aurretik. Baskonia, berriz, hamaikagarren tokian dago.

Fitxa teknikoa:

Baskonia (25 + 12 + 14 + 18 = 69): Granger (6), Janning (-), Timma (10), Malmanis (5) eta Poirier (4) —hasierako bostekoa—, Shengelia (13), Huertas (10), Beaubois (10), Voigtmann (3) eta Kevin Jones (8).

Fenerbahce Dogus (15 + 26 + 25 + 17 = 83): Wanamaker (11), Nunnally (16), Datome (14), Vesely (10) eta Duverioglu (8) —hasierako bostekoa—, Mahmutoglu (-), Sloukas (14), Guduric (2), Melli (10), Thompson (-) eta Muhammed (-).

Epaileak: Luigi Lamonica (Italia), Sreten Radovic (Kroazia) eta Matej Boltauzer (Eslovenia). Ez da kanporaturik egon.