Itxi

Baskonia

85-78

Baskoniak garaipen landua eta garrantzitsua lortu du Obradoiroren aurka

Erredakzioa

Arabako taldeak 85-78ko emaitzarekin irabazi du Buesa Arenan jokatu duen partida eta laugarren garaipena jarraian eskuratu du Endesa Ligan.

5:02

Baskoniak garaipen landua eta garrantzitsua lortu du Obradoiro Monbus taldearen aurka (85-78) Buesa Arena pabilioian eta Pedro Martinezek zuzentzen duen taldeak laugarren garaipena jarraian lortu du Endesa Ligan.

Oso parekatuta hasi da partida eta berdinketak bata bestearen ostean errepikatu dira markagailuan (2-2, 5-5, 10-10, 12-12, 14-14). Bi taldeetako batek ere ez du lortu alde egitea, baina Baskoniak bost puntuko abantaila hartu du lehen laurdeneko azken txanpan eta Obradoirok hirura murriztu du desabantaila lehen hamar minutuen amaieran (21-18).

Bigarren laurdenean ere ez da aldatu partidaren gidoia. Parekotasuna izan da nagusi. Arabako taldea aurretik joan da markagailuan ia laurden guztian zehar, baina oso abantaila txikiekin. Atsedenaldira iritsi orduko, ordea, Monbus Obradoirok bi puntuko abantaila hartu du (37-39). Azken jabetzetan, Baskoniak lehia berdindu (39-39, 41-41) eta atsedenaldira bi puntuko abantailarekin iristea lortu du (43-41).

Ondo ekin dio hirugarren laurdenari Baskoniak, sei puntuko abantaila lortuta (50-44), baina Obradoiro ez da kokildu eta neurketa berdintzea lortu du (57-57). Arabako taldeak, ordea, ondo baliatu ditu azken jabetzak eta bost puntuko errentarekin amaitu du laurdena (66-61).

Azken laurdenaren hasieran hamaika puntuko aldea hartu du Baskoniak (72-61) eta ematen zuen garaipena bideratuta duela. Hala ere, aldeak murriztu ditu talde bisitariak eta amaierarko minutu bat falta izan denean hiru puntura hurbildu da (79-76). Dena den, Baskoniak ondo maneiatu ditu azken segundoak, aurkariak baino gehiago asmatu du erasoan eta garaipena lortu du, 85-78ko emaitzarekin.

Fitxa teknikoa:

85 - Baskonia (21+22+23+19): Huertas (16), Matt Janning (15), Malmanis (8), Shengelia (18), Poirier (10) -hasierako bostekoa- Timma (4), Voigtmann (4), Beaubois (4), Granger (4), Kevin Jones (2) eta Vildoza (-).

78 - Monbus Obradoiro (18+23+20+17): Pepe Pozas (10), Matt Thomas (10), Bendzius (5), Ben Simons (3), Pustovyi (16) -hasierako bostekoa- Sabat (13), Llovet (6), Radovic (6), David Navarro (0), Corbacho (0) eta Laksa (9).

Epaileak: Jimenez Trujillo, Castillo eta Sanchez Sixto.

Sanchez Sixto.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Baskonia