Itxi

Baskonia

Gaur, 21:30ean

Baskonia, finalerdietarako txartelaren bila Pesicen Bartzelonaren aurka

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Baskonia txapelketa irabazteko faboritoen artean dago Kopa jokatuko ez duten taldeen entrenatzaileen arabera. Real Madril-Tenerife, lehen finalerdia.

0:45

Bartzelona Lassa izango da Baskoniak Errege Kopako ibilbidean aurkituko duen lehen oztopoa. Txapelketa bart hasi zen Kanaria Handian eta igandera arte luzatuko da. Gasteiztarren txanda gaur iritsiko da, 21:30etik aurrera.

Nahiz eta Kopako txapelketa jokatzeko txartela azken jardunaldian lortu zuen, Baskonia faboritoen artean dago. Hala diote behintzat, bai kirol apustuek, bai Kopa jokatuko ez duten taldeen entrenatzaileek.

Horretarako, dena dela, Bartzelonari gailendu beharko zaio, eta ez da aurkari samurra izango, itxuraldatuta baitago Svetislav Pesicek entrenatzaile-kargua hartu duenetik (gainera, serbiarrak badaki Kopa irabaztea zer den).

Sito Alonsoren kaleratzea duela bi jardunaldi gertatu zen, hain justu ere, Baskoniak Endesa Ligan Bartzelona 96-72 jipoitu ostean (zenbait unetan aldea 30 puntutik gorakoa izan zen).

Ez da izan arabarren aldeko emaitza bakarra denboraldi honetan kataluniarren aurka; izan ere, Buesa Arenan jokatutako Euroligako norgehiagokan etxekoak nagusitu ziren 85-82. Partida horretan Bartzelonak 20 puntuko aldea irauli zuen, baina azkenerako porrota jaso zuen.

Aitzitik, Bartzelonarentzat izan zen oso urrun geratzen den denboraldiko lehen neurketa (87-82). Ordutik ona, taldeak asko aldatu dira, entrenatzaileak izanik horren adierazle nabarmenena.

Pedro Martinezek jokalari guztiak ditu jokatzeko gertu, horietako batzuek (Jayson Granger, kasu) zenbait arazo fisikorekin dabiltzan arren.

Bartzelonaren aldetik, Baskoniako jokalari ohia izan zen Kevin Seraphin ez da garaiz iritsiko norgehiagokara eta txapelketa osoa galduko du lesioagatik. Horrenbestez, Pesicek Ante Tomic, Pierre Oriola, Aleksandar Vezenkov eta Victor Claver erabiliko ditu barneko jokorako.

Ostiral honetako partida bi taldeek kopa lehiaketan elkarren artean jokatuko duten hamargarren lehia izango da. Orain arte, Bartzelona sei aldiz atera da irabazle eta Baskonia hirutan. Alabaina, azken lau partidetan parekotasuna izan da nagusi, bakoitza bi neurketa poltsikoratu dituelako.

Kanporaketa hau gainditzen duen taldeak Herbalife Kanaria Handiak (etxeko taldea) eta Montakit Fuenlabradak (liga txapelketako ezusteko bat) jokatuko duten kanporaketako garailea izango dute aurkari.

FINAL-LAURDENAK

Real Madril - Unicaja, 89-84

Valentzia Basket - Iberostar Tenerife, 72-79