Itxi

Baskonia

Buesa Arena, 20:30ean

Baskoniak Makabi aldendu nahi du Brose Bambergi irabazita

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Gasteiztarrek aukera aparta dute gaur talde israeldarrari garaipen bateko aldea ateratzeko, talde horiak galdu egin baitu Turkian, Fenerbahçeren etxean (87-73).

  • Rodrigue Beaubois Brose Bambergen aurka. Artxiboko argazkia: EFE

    Rodrigue Beaubois Brose Bambergen aurka. Artxiboko argazkia: EFE

Baskoniak gaur 20:30ean ekingo dio Euroligako play-offetan egoteko aste erabakigarriari, bi partida jokatuko baititu. Une honetan hurrengo faserako txartela ematen duen zortzigarren postuan daude gasteiztarrak, Makabi Tel Avivek dituen garaipen kopuru berarekin. Itxura guztien arabera, israeldarren aurkako buruz burukoa zuzena izango da fase erregularra bukatzeko falta diren lau jardunaldietan.

Asteko lehendabiziko norgehiagokan, Brose Bamberg taldea hartuko du Baskoniak Buesa Arenan. Alemanak gasteiztarrengandik hiru garaipenera daude, eta ez dute zortzigarren postua lortzeko aukerarik. Bi neurketa besterik ez dute irabazi bisitari gisa (Unicajaren eta Izar Gorriaren aurka). Garaipen horiek, gainera, denboraldi hasieran izan ziren, eta ordutik hona hamar porrot pilatu dituzte etxetik at.

Andrea Trinchieri entrenatzaileak kargutik kentzeak ez du aldaketa handirik ekarri, eta Luca Banchiren aginduetara daudenetik partida bat irabazi eta beste bat galdu dute.

Bryce Taylor, Elias Harris eta Patrick Heckman jokalarien bajekin helduko da Brose Bamberg Gasteizera. Baskoniak ere arazo fisikoekin helduko dio neurketari. Marcelinho Huertasek minduta jarraitzen du; Tornike Shengelia, berriz, badirudi jokatzeko moduan egongo dela, azken hiru partidetan egin ez badu ere.

Lehen itzuliko neurketan, 78-72 irabazi zuten alemanek.

Fitxa teknikoa:

Baskonia: Granger, Janning, Timma, Voigtmann eta Poirier (balizko hasierako bostekoa); Beaubois, Shengelia, Diop, Malmadis, Vildoza, Garino, Martínez eta Marcelinho.

Brose Bamberg: Zisis, Hickman, Rubit, Wright eta Radosevic (balizko hasierako bostekoa); Hackett, Staiger, Lo, Mitrovic, Nikolic, Musli eta Olinde.

Epaileak: Radovic (CRO), Rocha (POR) eta Vycklicky (RCH).

Pabiloia: Fernando Buesa Arena.

Ordua: 20:30

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Saskibaloia