Itxi

Baskonia

72-84

Baskoniak irabazi du Gipuzkoa Basketen aurkako euskal derbia

eitb.eus

Arabako taldeak 72-84 irabazi du Donostian eta garaipen honi esker, martxoan jokatu dituen neurketa guztiak irabazi egin ditu.

5:04

Baskoniak 72-84 irabazi dio Delteco GBC taldeari Endesa Ligako euskal derbia eta Arabako taldeak Endesa Ligako bigarren postuari eutsi dio. Gainera, Baskoniak irabazi egin ditu martxoan jokatu dituen partida guztiak.

Garinoren hiruko batekin hasi da partida (0-3), baina Gipuzkoa Basket gogotsu kantxaratu da, eta ez dio Baskoniari alde egiten utzi. Arabako taldeak abantaila txikiak (5-9) lortu ditu lehen laurdenaren erdialdera arte, baina hortik aurrera, etxeko taldeak neurketa berdindu eta Baskonia txikitu du lehen laurdeneko azken 3 minutuetan. Ondorioz, 7 puntuko abantaila eskuratu du Gipuzkoa Basketek (25-18).

Bigarren laurdenean jaun eta jabe izan da Delteco GBC. Baskoniak ez du asmatu jaurtiketetan, nekea igarri du Arabako taldeak eta horretaz baliatu da Gipuzkoa Basket 12 punturainoko abantaila izatea lortu arte (36-24). Atsedenaldira iritsi orduko 10 puntura murriztu du desabantaila Baskoniak (42-32).

Atsedenaldiaren ostean, Baskonia 7 puntura gerturatu da, baina Delteco GBC taldeak berriro 10 puntuan jarri du muga. Hala ere, pixkanaka, Baskonia nagusitzen hasi da, eta Arabako taldea puntu bakarrera (54-53) gerturatu da laurdena amaitzeko 3:21 minuturen faltan. Hirugarren laurdena amaitzeko 2 minutu falta zirenean aurrea hartu du Baskoniak (56-58) eta 5 puntuko abantaila lortu du (59-64) azken laurdenari ekiteko.

Baskoniak bikain ekin dio laugarren laurdenari eta azkar lortu du 12 puntuko errenta (61-73); ondorioz, maldan gora jarri zaio neurketa Gipuzkoa Basketi. Talde donostiarrak 6 puntura murriztu du desabantaila amaierarako 1:25 minutu falta zirenean; hala ere, Baskonia ez da urduri jarri, Marcelinhok hiruko bat sartu du (72-81), eta garaipena eskuratu du (72-84).

Fitxa teknikoa:

72.-Delteco Gipuzkoa Basket: Oroz (2), Van Lacke (4), Pardina (1), Clark (16), Norel (15)- hasierako bostekoa- Agbelese (2), Chery (7), Fakuade (2), Swing (18),  Dani Pérez, Salvo (5), Azpeitia.

84.- Baskonia: Huertas (9),  Beaubois (11), Garino (11), Shengelia (14), Poirier (11)- hasierako bostekoa-  Vildoza, Voigtmamn (8), Malmanis, Janning (16), Diop, Granger (4), Martinez.

Epaileak: Jimenez, Oyon eta Sacristan.

Laurden bakoitzeko emaitzak: 25-18; 42-32- atsedenaldia- 59-64; 72-84.