Itxi

Baskonia

Garaipena etxean

Kirolbet Baskonia Iberostar Teneriferi gailendu zaio 100 eta 94

Agentziak | Erredakzioa

Gasteiztarrak erlaxatu egin dira azken laurdenean eta uste baino estuago nagusitu dira.

Kirolbet Baskonia garaipenaren bidera bueltatu da Iberostar Teneriferi 100 eta 94 irabazita. Kanariarrak atzetik izan dira markagailuan baina ez dute amore eman eta azkenean lanak eman dizkiete arabarrei.

Lehen 35 minutuetan, gasteiztarrak jaun eta kabe izan dira, baina azken minutuetan Iberostar Tenerifek erreakzionatu egin du eta arabarrak estutu egin dituzte. Hala ere, garaipena Gasteizen geratu da eta Baskoniak Endesa Ligako bigarren postuan jarraitzen du.

Lehen laurdenean, Pedro Martinezek errotazioak egin ditu bere boskotean; Fotis Katsikarisek, berriz, talderik onena sartu du kantxara Baskoniari aurre egiteko. Lehen 10 minutuetan arabarrak 25 eta 17 jarri dira aurretik.

Bigarrenean, Baskoniak 17 eta 6ko partziala egin eta partida osoko alderik handiena zabaldu du markagailuan (50-34). Etxeko taldeak presio handia egin dio aurkariari eta lasai asko joan da atsedenaldira.

Hala ere, kanariarrek ez dute neurketa galdutzat eman eta hirugarren laurdenaren amaieran ere emaitza alde izan dute, nabarmen, 74-60, Rodrigue Beauboisek azken segundoan egindako hirukoaren laguntzarekin.

Azken laurdenean, Baskoniak erritmoa jaitsi du eta Iberostarrek aprobetxatu egin du bere jokoari bultzada emateko. Hala ere, ez da nahikoa izan eta azkenean garaipena etxean geratu da: 100-94.

 

Fitxa teknikoa

100 - Kirolbet Baskonia (25+25+24+26): Huertas (10), Janning (12), Timma (20), Voigtmann (7) y Poirier (13) -hasierako boskotea-, Vildoza (5), Garino (5), Beaubois (14), Diop (-) eta Shengelia (14).

94 - Iberostar Tenerife (17+18+25+33): San Miguel (11), Vasileiadis (2), Ponitka (20), Abromaitis (14) y Tobey (17) -hasierako boskotea-, Bassas (3), Vázquez (2), Akognon (15), Beirán (7) eta Niang (-).