Itxi

Saskibaloia

89-84

Sufrituta, baina Unicajak mendean hartu du Bartzelona

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Gaur, ekainak 11, Valentzia eta Real Madrilen arteko laugarren neurketa zuzenean ikusteko aukera izango duzue ETB4 katean eta eitb.eus atarian.

  • Unicaja-Bartzelona. Argazkia: EFE

Malagako Unicajak mendean hartu du Bartzelona (89-84), Endesa Ligako finalerdien hirugarren partidan, eta, ondorioz, laugarren partida bat jokatu beharko dute elkarren aurka (2-1).

Bartzelona garaile atera zen aurreko bi neurketetan baino askozaz lehia handiagoa nabaritu zen, Unicaja azken segundora arte borrokatu baitzen Xabi Pascualen taldearen aurka. Azkenik, luzapeneko saskiratzeek eman zioten garaipena.

Bestalde, partidaren hasieratik deseroso agertu zen Bartzelona, eta aurkariak erakutsitako intentsitate eta indarraren aurrean nolabait kikildu egin zen. Hala ere, laster erantzun zuen, eta kanpotik jokatzen hasi zen, urrutiko jaurtiketak eginez.

Bigarren laurdenean, Unicajak hainbat akats egin zituen eta Bartzelonak aurrea hartu zion. Hirugarren laurdenean, bestalde, Plazaren mutilak oso ondo aritu ziren defentsan, eta saski barruan bukatu zuten hainbat baloi berreskuratu zituzten.

Partidako azken erasoa Bartzelonarentzat izan zen, baina Greenek jaurtitako hirukoak ez zuen ezta uztaia ukitu ere egin. Markagailuan 74-74ekoa zegoen, eta, beraz, luzapena jokatu behar izan zuten.

Unicajako jokalariek luzapen ederra egin zuen (Grangerrek, Suarezek eta Thomasek, besteak beste), Bartzelona mendean hartuz, eta partida irabazi zuten. Hortaz, ostiral honetan, finalerdietako laugarren partida jokatuko dute.

Aurretik, gaur, ekainak 11, Valentzia eta Real Madrilen arteko laugarren neurketa zuzenean ikusteko aukera izango duzue ETB4 katean eta eitb.eus atarian.

- Fitxa teknikoa:

89 - Unicaja (20+18+18+18+15): Thomas (5), Kuzminskas (4), Granger (11), Vazquez (8), Stefansson (7) -bostekoa-; Markovic (7), Green (10), Toolson (12), Golubovic (-), Vasileiadis (7), Suárez (13) eta Gabriel (5).

84 - Bartzelona (24+18+18+14+10): Navarro (-), Satornasky (12), Thomas (17), Lampe (8), Tomic (12) -bostekoa-; Huertas (15), Abrines (-), Oleson (7), Doellman (11), Nachbar (-), Pleiss (2) eta Henzonja (-).