Itxi

Saskibaloia

Eurokopa

Gernikak Europako bere lehen garaipena bilatuko du Hungarian

Agentziak | Erredakzioa

Bizkaitarrek galdu egin zuten joan zen astean Europako bere estreinaldian Spar Citylift Gironaren aurka, Casillan jokatutako norgehiagokan (57-81).

  • Gernikak galdu egin zuen Spar Citylift Gironaren aurka, Casillan jokatutako norgehiagokan. EiTB

    Gernikak galdu egin zuen Spar Citylift Gironaren aurka, Casillan jokatutako norgehiagokan. EiTB

Lointek Gernika Bizkaiak Hungariako VBW CEKK Cegled taldea izango du aurkari ostegun honetan Eurokopako bigarren jardunaldian.

Bizkaitarrek joan zen astean txapelketa horretan izan zuten estreinaldi kaskarra ahaztu (porrot garbia pilatu zuten Spar Citylift Gironaren aurka) eta Europako lehiaketan lortuko luketen lehen garaipenaren bila kantxaratuko dira Gal Jozsef aretora.

Gernikak 57-81 galdu zuten lehen jardunaldian Casillan (Bilbo) jokatutako norgehiagokan eta gauza bera egin zuten hungariarrek ere, haien kasuan Frantzian, Basket Landesen etxean. Partida estu joan zen, eta Cegled taldeko neskek luzapenera heltzeko saskiratzea eskura izan zuten (jaurtiketa libre bat izan zuten partida bukatzeko bi segundoren faltan), baina ez zuten sartu eta 70-69 galdu zuten.

Aipatu emaitzen ondorioz, frantziarrak eta katalanak daude sailkapenaren buru.

Frantzian lehiatutako norgehiagoka horretan honako hauek izan ziren hungariarren artean nabarmendu ziren jokalariak: Orsolya Zsovar kanpoko jokalaria (18 puntu), Jelena Maksimovic pibot serbiarra (14 puntu eta 8 errebote) eta Chanel Mokango kongoarra (14 eta 7). Azken horrek Gernikan jokatu zuen joan zen denboraldian.

Hungarian jokatu beharreko partidarako ia jokalari guztiak izango ditu jarduteko moduan Mario Lopez bizkaitarren entrenatzaileak. Duen baja bakarra Amaya Gastaminzarena da.

Gernikak bi garaipen eta bi porrot ditu Dia Ligan, joan zen larunbatean Embutidos Pajariel Bembibre taldeari 77-78 irabazi ostean, luzapenean.