Itxi

Saskibaloia

20:00etan, zuzenean

Gernikak Landesi irabazi eta beste emaitza batzuen zain egon behar du sailkatzeko

AGENTZIAK | ERREDAKZIO

Landesi irabaztekotan, F, J, H eta I multzoetako emaitzei itxaron beharko die Gernikak, hurrengo fasera igaroko diren hirugarren sailkatuen arteko bi onenen artean egongo den jakiteko.

  • Lointek Gernika taldeko jokalariak. Argazkia: EiTB

    Lointek Gernika taldeko jokalariak. Argazkia: EiTB

Lointek Gernikak Basket Landes hartuko du gaur Casilla pabiloian (20:00etan), Eurokopako Multzoen Faseko azken jardunaldian. Bizkaitarrek talde frantziarra garaitu behar dute eta beste emaitza batzuen zain egon behar du Europako txapelketan aurrera egiten jarraitu ahal izateko.

Joan zen astean Cegled talde hungariarraren aurka (81-67) lortu zuten garaipen historikoaren ostean (gernikarrek Europan erdietsitako lehendabizikoa) Mario Lopezek zuzentzen dituen jokalariek bere multzoko hirugarren postua eskuratzeko itxaropenari eusten diote, Cegledekin duten averagea euren alde jarri eta gero.

Landesi irabaztekotan, Gernikak F, J, H eta I multzoetako emaitzei itxaron beharko die, hurrengo fasera igaroko diren hirugarren sailkatuen arteko bi onenen artean egongo den jakiteko.

Mont-de-Marsan hiriko taldeak, ostera, dagoeneko hurrengo faserako txartela poltsikoan duela egingo dio asteazkeneko neurketari; alabaina, multzoko lehena izateko esperantzak ditu, joan zen astean Spar Citylift Gironari irabazi ondoren.

Lehendabiziko itzulian, Gernikak 72-64 galdu zuen Frantzian. Partida hartan behetik joan ziren bigarren laurdenetik aurrera, nahiz eta lehia irabazteko aukerak izan zituzten azken txanpara arte.

Bizkaitarren entrenatzaileak joan zen astean jokatzeko modura izan zuen aspaldiko partez Amaya Gastaminza iruindarra; baita iritsi berri zegoen Talia Caldwell estatubatuarra ere. Aste honetarako Yaiza Lazaro berreskura dezake, azken asteetan giharretako lesio bat dela-eta baja izan eta gero.

Gernikako taldeak sasoi desberdinetako Bizkaiko emakumeen saskibaloiko "bosteko historikoa" omentzeko aprobetxatuko du norgehiagoka. Bosteko hori honako jokalari hauez osatuta egongo litzateke: 'Yoya' Astigarraga, Ruth Epalza, Begoña Casado, Mónica Vallejo eta Ane Mugira, euren entrenatzaile Luis Ledesma izanda.