Itxi

Saskibaloia

KANTXAK UTZI BEHAR DITU

Tiago Splitterrek kantxak utziko ditu 33 urterekin, lesio bat dela eta

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Jokalari brasildarrak, besteak beste, Baskonian eta Bilbao Basketen jokatu du bere kirol ibilbide oparoan zehar.

  • Tiago Splitterrek Philadelphiako Sixers taldean jokatu zituen bere azken partidak. Argazkia: EFE

    Tiago Splitterrek Philadelphiako Sixers taldean jokatu zituen bere azken partidak. Argazkia: EFE

Tiago Splitter saskibaloiko jokalari brasildarrak, Baskoniarekin bi Endesa Liga eta hiru Errege Kopa eta San Antonio Spursekin NBAko txapelketa bat irabazitakoak, jakitera eman duenez, kirol kantxetatik erretiratuko da aldakan duen lesio baten ondorioz. Lesio hori dela-eta, hamar hilabete daramatza jokatu gabe.

Splitterrek NBAko eraztuna bereganatu zuen 2014an San Antonio Spursekin, baina ordutik hainbat arazo izan ditu lesioekin. Duela bi urte ebakuntza garrantzitsu bat egin behar izan zioten eskuineko aldakan, eta, ondorioz, ezin izan zuen 2016ko Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan parte hartu.

Pibot brasildarra 15 urterekin iritsi zen Baskoniara, eta, ondoren, Bilbao Basketen jokatu zuen utzita, bi denboraldiz (2001-2003). Bilboko taldeari LEB1 mailara igotzen lagundu zion.

2003-2004 denboraldian, Baskoniaren lehen taldera pasatu zen (Tau Ceramica zen orduan).

Gasteizko taldearekin, bi ACB Liga eskuratu zituen (2007-2008 eta 2009-2010 denboraldietan) eta hiru Errege Kopa (2003-2004, 2005-2006 eta 2008-2009 denboraldietan), baita lau Superkopa jarraian ere.

Horrez gain, Splitter kantxan egon zen Baskoniak jokatu duen Euroligako final bakarrean (Moskun, 2005ean) Makabi Tel Aviven aurka.

Baskoniako diziplinan hamar urtez ibili ostean (horietako zazpi goi-mailan), NBAko San Antonio Spurs taldeak fitxatu zuen brasildarra, eta 2013-2014 denboraldian txapelketa irabaztea lortu zuen.

Gaur egun, Philadelphia Sixers taldeko kidea zen (aurretik, Atlanta Hawksen aritu zen, San Antonio utzi eta gero), baina zortzi partida jokatu ahal izan ditu talde horrekin, aldakako mina dela-eta hainbat hilabete baitaramatza jokatu gabe.