Itxi

X-deportes_vuelta al pais vasco-X

X-deportes_vuelta al pais vasco-X

Euskal Herriko Itzulia 2024

4. etapa

Roglic esloveniarrak eraman du etapa; De la Cruzek lider jarraitzen du

Agentziak | Erredakzioa

Kataluniarra lidergoa galtzear izan da, esloveniarrak bi segundoko aldea atera baitie helmugan liderrari eta gainerako faboritoei.

Primoz Roglic (LottoNL-Jumbo) esloveniarra gailendu da Euskal Herriko Itzuliko laugarren etapan. Guztira, 174,1 kilometro egin dituzte Donostia eta Bilbo artean. David de la Cruzek (Quick-Step Floors) lidergoari eutsi dio.

Hala ere, kataluniarraren lehen postu hori arriskuan izan da, Roglicek bi segundoko aldea atera baitio De la Cruzi helmugan. Segundo bakarreko aldea dago orain bien artean.

Alberto Contador izan da etapako protagonistetariko bat. Madrildarrak birritan erori da, gurpila zulatu zaio eta birritan aldatu behar izan du bizikleta faboritoen taldean jarraitu ahal izateko. Hala eta guztiz ere, Contador bakar-bakarrik sartu da helmugan, bigarren aldiz erori ondoren gurpil baten zain itxaron behar izan baitu helmugatik 350 metrora.

Roglicen ostean, 50 bat txirrindularik osatutako tropela sartu da, sakabanatuta, azken erorikoaren ondorioz. Michael Matthews australiarra eta Giovanni Visconti italiarra izan dira talde horretako lehenak helmugaratzen.

Aurretik, lau txirrindularik osatu dute eguneko ihesaldia: Tom Skujins letoniarra, Maxim Belkov errusiarra, Jonathan Lastra bilbotarra eta Arnael Moinard frantziarra. Faborito handien arteko lehia Ganguren mendateko igoeran izan da. Simon Yates, Alejandro Valverde, Ion Izagirre eta Sergio Henao ordena horretan pasatu dira 2. mailako mendatetik.

Ostiralean, bosgarren etapa jokatuko dute: nagusia. Arrate (1. mailako mendatea) hiru aldiz igoko dute, azkena Matsariatik, eta Usartza ere gainditu beharko dute, helmugatik bi kilometrora. Igoera laburra da, 3,9 kilometrokoa, baina oso gogorra (% 10,8ko malda). Guztira sei mendate puntuagarri igoko dituzte.