Itxi

Txirrindularitza

Demoitieri eskaini dio

Gasparottok irabazi du Amstel Gold Race klasikoa

Agentziak | Erredakzioa

Enrico Gasparotto (Wanty-Groupe Gobert) italiarrak irabazi du Holandako klasikoa eta Gent-Wevelgem lasterketan hil zen Antoine Demoitie bere taldekideari eskaini dio garaipena.

1:07

Enrico Gasparotto (Wanty-Groupe Gobert) izan da Amstel Gold Race klasikako irabazlea eta garaipena Gent-Welvegem lasterketan hil zen Antoine Demoitie bere taldekideari eskaini dio garaipena. Gasparottok 2012an ere irabazi zuen Holandako klasikoa eta lau urte beranduago berriro garaipena lortu du, 34 urterekin.

Garagardoaren klasikoak 258 kilometroko ibilbidea izan du, Maastrichtetik Valkenburgera. Guztira 34 igoera gainditu behar izan dituzte txirrindulariek eta helmugatik 1,8 kilometrora dagoen Caubergeko horma izaten da igoera erabakigarria.

Michal Kwiatkowskik (Sky) defendatzen zuen titulua. Lasterketako 35. kilometroan sortu da eguneko ihesaldia: De Vreese (Astana), Devriendt (Wanty), Didier (Trek), Howes (Cannondale), Montaguti (AG2R), Bono (Lampre), Reza (FDJ), Warbasse (IAM), Cerny (CCC), Grellier (Direct Energy) eta Berlato (Nippo) txirrindulariek osatu dute ihes egindakoen taldea.

Tropela, Sky taldea buruan izan duela, helmugarako 90 kilometro falta izan direnean hasi da lanean. Amaierarako 60 kilometro falta izan direnean Gianni Meersman (Etixx-Quick-Step), Niccolo Bonifazio (Trek), Tosh Van der Sande (Lotto Soudal) eta Björn Thurau (Wanty) txirrindulariek erasoa jo dute ihesaldian zeuden txirrindulariekin bat egiteko asmoarekin.

Azken kilometroetan Orica taldea jarri da tropelaren buruan eta gogotik lan egin du. Ondorioz, ihesladia bertan behera geratu da, helmugarako 14 kilometro falta izan direnean. Roman Kreuzigerrek eta Tim Wellensek ihes egiteko saiakerak egin dituzte, baina alferrikakoak izan dira. Gasparottok Caubergeko aldapan jo du erasoa eta Valgranek bakarrik eutsi ahal izan dio. Amaierarako 200 metro falta izan direnean esprinta egin dute bi txirrindulariek eta italiarra atera da garaile.