Itxi

Txirrindularitza

Uztailaren 29an

Haimar Zubeldiak 1 zenbakia izango du Donostia Klasikoan

Agentziak | Erredakzioa

Mikel Landa, Alberto Contador eta Tony Gallopin Gipuzkoako errepideetan ibiliko dira uztailaren 29an.

0:52

Donostia Klasikoaren 37. edizioa Haimar Zubeldiaren azken lasterketa izango da, bertan emango baitio azkena usurbildarrak 20 urteko ibilbide profesionalari. Mikel Landa, Alberto Contador eta Tony Gallopin, besteak beste, ez dira faltako Gipuzkoako errepideetan, Frantziako Tourraren osteko lehenengo larunbatean, uztailaren 29an.

Usurbilgo txirrindulariak 1 zenbakia eramango du aurten, iaz Bauke Mollema taldekideak irabazi ostean. Donostiarrek agur esango diote Zubeldiari Euskal Herriko klasiko ospetsuenari.

Gipuzkoako hiriburuko udaletxean aurkeztu duten ibilbidearen arabera, txirrindulariek birritan igoko dute Jaizkibel (1. maila) eta Arkale, eta Igeldo gainditu beharko dute Boulevardera, helmugara, zuzendu aurretik. Guztira, zortzi mendate igo beharko dituzte: lehen mailako bat, Jaizkibel (birritan); bigarren mailako lau, Iturburu, Arkale (birritan) eta Murgil; eta hirugarren mailako bi, Meaga eta Alkiza.

Alejandro Valverdek bi aldiz irabazi du lasterketa, eta beste bitan igo da podiumera, baina eroriko larria izan zuen Frantziako Tourrean, eta min hartuta dago. Beraz, ez du 2017ko edizio honetan parte hartzerik izango.

Hala ere, punta-puntako txirrindulariak arituko dira aurten bertan: Tom Dumoulin (Sunweb), Mikel Landa eta Mikel Nieve (Sky), Alberto Contador (Trek), Daniel Martin eta Julian Alaphilippe (Quick Step), Tony Gallopin (Loto), Thibaut Pinot (FDJ), Rigoberto Uran (Cannondale), Greg van Avermaet (BMC) eta Luis Leon Sanchez (Astana), besteak beste.