Itxi

Txirrindularitza

Ekitaldia

Euskadi Fundazioak aurkezpen ofiziala egin du Bilbon

Erredakzioa

Bere 25. urteurrenean, erakundeak etapa berria hasi du. Euskal txirrindularitza bultzatzea eta "ematen digun babesa gizarteari itzultzea" izango du helburu. Urtarrilaren 25ean hasiko du denboraldia.

0:58

Euskadi Txirrindularitza Fundazioak astelehen honetan egin du aurkezpen ofiziala, Bilboko Azkuna Zentroan. Bere 25. urteurrenean, erakundeak etapa berria hasi du, baina hasierako helburu berdinekin: Euskal txirrindularitza bultzatzea eta "ematen digun babesa gizarteari itzultzea". Ekitaldian Mikel Landa Euskadi Fundazioaren presidente berria, taldeko zuzendariak eta txirrindulari guztiak egon dira.

Euskadi Fundazioa Kontinental Mailan lehiatuko da, hazten jarraitzeko eta etorkizunean berriro ere munduko lasterketa hoberenetan parte hartzeko helburuarekin. Taldeak urtarrilaren 25ean hasiko du denboraldia. Mallorcako Itzulian, eta Valentziako Erkidegoko, Murtziako eta Andaluziako itzulietan parte hartuko du. Almeriako Klasikoan ere izango da. Frantziako, Italiako edo Portugaleko lasterketa batzuetan ere parte hartuko du.

Mikel Landaren adierazpenak

Mikel Landa Euskadi Fundazioko presidenteak aurkezpen ekitaldian esan duenez, bere ametsa da "Euskadi Fundazioa maila gorenean ikustea". "Nik txikitan Iban Mayo edo Haimar Zubeldia nintzela amesten nuen, eta Lance Amstrongi eraso egiten niola mendiko etapetan. Baina talde hau ez da hori bakarrik, talde honi bere zaleek eman zioten indarra, marea laranjak", gaineratu du Landak.

Miguel Indurain, Perico Delgado, Lance Armstrong edo Purito Rodriguez bezalako txirrindulari handiek animozko mezuak bidali dizkiote Fundazioari. Horrelako mezuak bidali dituzte baita, taldeko txirrindulari ohiak izandako Igor Antonek, Gorka Izagirrek, Ion Izagirrek, Markel Irizarrek edo Romain Sicardek. Tom Dumoulin, Michael Matthews,  Laurenbs Ten Dam eta John Degenkolb txirrindulariek ere mezuak bidali dizkiote Euskadi Fundazioari onena opatzeko.