Itxi

Txirrindularitza

Valentziako itzulia: 3. etapa

BMC izan da azkarrena Valentziako taldekako erlojupekoan

AGENCIAS | REDACCIÓN

Hirugarren etapako denborak sailkapenari begira kontuan ez hartzea erabaki dute epaileek zegoen eguraldi txarra dela-eta.

  • BMC, ahalegin betean. Argazkia: EFE

    BMC, ahalegin betean. Argazkia: EFE

BMC Racing Team taldeak eskuratu du Valentziako Itzuliko mamirik gabeko hirugarren etapa. Etapa Benitatxell eta Calpe herrien artean jokatu da, 30,5 kilometroko taldekako erlojupeko baten bidez. Dena dela, etapak ez du inolako eraginik izan sailkapenen orokorrean, ez baitituzte aintzat hartu helmugan izandako azken denborak.

AEBtako taldeak joan zen urtean lortutako garaipena errepikatu du, nagusitasun handiz, gainera. 27:25 minutuko denbora egin du, eta haren atzetik heldu dira Astanako kideak 1:08 minutuko atzerapenarekin. Hirugarren AG2R taldea sailkatu da, Astanak baino lau segundo gehiago behar izan ostean (1:12).

Itzuliko antolatzaileek zein epaile teknikoek goizeko azken orduan erabaki dute gaurko etapako denborak kontuan ez hartzea lasterketako sailkapenetara begira, segurtasun arrazoiak direla medio; izan ere, errepidea arriskutsu zegoen, eguraldi kaskarragatik.

Alabaina, goizean zehar oso txarra izan den eguraldiak hobera egin du erlojupekoa hastear zela; horrenbestez, taldeek arazorik eta erorikorik gabe burutu ahal izan dute etapa.

Etapako denborek sailkapenerako balio ez izateak emozioa kendu dio etapari, aurreikusten baitzen erabakigarria suerta zitekeela lehenengo postuaren borrokarako.

Jokoan etapako garaipena besterik ez zegoenez, talde faboritoetako askok eta askok lasai hartu dute etapa, entrenamendua bailitzan.

Hartara, sailkapenaren buru Alejandro Valverdek (Movistar) jarraitzen du, eta, hartara, larunbatean jokatuko den itzuliko etapa nagusira itzulia hirugarrenez irabazteko aukerekin helduko da txirrindulari murtziarra.