Itxi

X-deportes_tour de francia-X

X-deportes_tour de francia-X

Frantziako Tourra 2023

17. etapa

Roglicek nagusitasunez irabazi du Alpeetako lehenengo borroka

Mikel Dominguez | eitb.eus

Frantziako Tourraren etapa bat irabazten duen lehenengo esloveniarra da. Froome indartsuago dago sailkapen nagusian, eta Kittelek, orain arte maillot berdearekin, lasterketa utzi du.

4:41

Primoz Roglicek (Lotto NL-Jumbo) Frantziako Tourraren 17. etapa irabazi du, Serre Chevalierren bakarrik helmugaratuta. Eguna gogorra izan da, maila bereziko bi mendate (Croix de Fer eta Galibier), lehen mailako bat (Telegraphe) eta bigarreneko beste batekin (Col d'Omon).

Chris Froomek (Sky) lehenengo postua mantendu du, eta gainera hirugarren helmugaratuta, bonifikazioak lortu ditu. Rigoberto Uran (Cannondale-Drapac), bigarrena etapan, podiumean sartu da, Fabio Aruren (Astana) ordez.

Roglic Serge Pauwelsen (Dimension Data) eraso baten atzetik joan da Galibierren, eta bide batez, kategoria bereziko mendate batean lehenengoa izaten den aurreneko esloveniarra izan da. Jaitsieran aldea mantendu du, erlojuaren kontra erakustaldia emanda, eta Frantziako Tourrean etapa bat irabazten duen lehenengoa ere bikalatu da herrialde alpinoan.

Sailkapen orokorreko borrokan eguneko azken mendatearen (Col du Galibier, kategoria berezikoa) zatirik gogorrenean jarri da interesgarria. Kilometro asko lehenago, baina, Alberto Contador bakarrik joan da eta aurreko talde batean eman du ia etapa osoa. Sailkapenean galduta zituen 7 minutuak kontuan izanda, ez da arazoa izan liderrarentzat.

Dan Martinek erasoa jo du gainatik 6 kilometro eta erdira, eta tartetxoa ireki du. Hala ere, irlandarra harrapatu dute, eta gero, Bardetek taldetxoan erritmoa jartzen zuen bitartean, Arun ezin izan du eutsi, eta atzean geratu da. Erasoak izan dira igoeran, eta Contador ere harrapatu du faboritoen taldeak, urrutiko saiakerarekin bukatuz.

Jaitsieran, jakiteke zegoen Aruren taldeak zenbat denbora galduko zuen. Berarekin batera Meintjes eta Contador joan dira, eta Martinen laguntza izan du lanean, baina ez dituzte faboritoak harrapatu. Italiarrak denbora galdu duen arren, ez da iraultza handirik izan sailkapen orokorrean.

Puntukako sailkapenean, ordea, aldaketa nabarmenak izan dira. Marcel Kittelek berdez jantzita hasi du etapa, baina hasieran erorita, eta atzoko etapan eta gaurko tartekako esprintean bere alde zuen puntu aldea galduta, lasterketa utzi du. Michael Matthews da lider berria.

17. ETAPAKO SAILKAPENAK