Itxi

X-deportes_tour de francia-X

X-deportes_tour de francia-X

Frantziako Tourra 2023

'Kanibala', Bilbon

Eddy Merckx: 'Bilbok Tourreko etapa bat merezi du'

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Txirrindulari handia izandakoa Bizkaiko hiriburuan dago igandean izango den Bilbao-Bilbao Zikloturisten Martxaren 30. edizioak gonbidatuta.

  • Eddy Merckx, Bilbon. Argazkia: EiTB

    Eddy Merckx, Bilbon. Argazkia: EiTB

Eddy Merckx txirrindulari ohi handiaren aburuz, Bilbok Frantziako Tourreko etapa bat hartzea "merezi du", besteak beste, Euskal Herrian txirrindularitzarekiko dagoen "zaletasun handiagatik".

"Hala izatea espero du, merezi du. Nire babesa dauka eta gustu handiz etorriko nintzateke Bilbora Tourreko etapa bat ikustera", adierazi du belgikarrak. Merckx Bilbon dago Bilbao-Bilbao Zikloturisten Martxaren 30. edizioak gonbidatuta. Txirrindularitzako nazioarteko proba hori igandean egingo da Bizkaiko hiriburutik atera eta helmuga hiriburuan bertan izanik.

Bizkaiko eta Bilboko erakundeek zenbait bilera izan dituzte Frantziako Tourreko antolakuntzarekin, itzuli horretako etapa bateko helmuga izan dadin etorkizun ez urrutian.

Merckxek bost aldiz irabazi zituen Frantziako Tourra (1969-1970-1971-1972-1974) eta Italiako Giroa (1968-1970-1972-1973-1974). Espainiako Itzulian behin besterik ez zen aritu, baina hura ere irabazi egin zuen 1973an. Orduko hartan, Bilbon izan zen, eta etapan lortutako garaipena Bizkaiko zaleei eskaini zien, Begoñako Basilikara abiatuz. Azaldu duenaren arabera, "oroitzapen onak" ditu horren gainean.

Juan Mari Aburto alkateak Merckxi harrera egin dio udaletxean eguerdian, eta hiriko intsignia jarri dio. Larunbatean bizikletaz txango txiki bat egiteko asmoa dauka, eta hurrengo egunean, berriz, Deustuko Zubian 8:00etan hasiko den probari irteerako zinta moztuko dio.