Itxi

Espainiako Vuelta 2023

11. etapa

Mikel Landak ikuskizuna eman du Andorrako etapa nagusian

Mikel Dominguez | eitb.eus

Astanakoak garaipena eskuratu du oso etapa gogorrean, ihesaldian sartuta eta azken mendatea bakarrik igota. Fabio Aru minutu bat eta 20 segundora helmugaratu da, eta lider jarri da.

1:33

Mikel Landak ikuskizuna eman du. Murgiako txirrindulariak etaparik gogorrena, Espainiako Vueltaren etapa nagusia irabazi du, Andorran. Sei mendaterekin, bat maila berezikoa eta lau lehenengo mailakoak, errespetua zioten denek, egutegian markatuta. Fabio Aru taldekidea da sailkapen orokorreko lider berria.

11. etapak jokoz kanpo utzi du Chris Froome (Sky) eta aldeak ireki ditu faboritoen artean. Italiako Giroan egon zirenak irabazle irten dira, eta Frantziako Tourreangondakoak, aldiz, galtzaile.

Lehen igoeran osatu da eguneko ihesaldia, aldakorra egunean zehar. Tartean izan dira Omar Fraile (Caja Rural-Seguros RGA), Mikel Landa (Astana), Imanol Erviti (Movistar) eta Romain Sicard (Europcar).

La Gallina gogorregia izan da Froomentzat, batez ere lehenengo kilometroetan erorikoa izan duelako. Gogor lan egin du bigarren mendatean talde nagusia harrapatzeko, baina laugarrenean atzean geratu da (2' 30'' galduta gainean, 7 minutu baino gehiago helmugan). Astanak aukerari probetxua atera nahian gauzak estutu ditu taldean, eta sailkapen orokorretik kanpo utzi du.

Azken igoeran (Cortals d'Encamp, 1.) Mikel Landa (Astana) nagusitu da, bakarrik lasterketa buruan igoerako kilometro guztietan. Atzean bere taldea izan du tiraka, Arurentzat. Taldetik irten da erasoa jota, saiatu dira lotzen Purito Rodriguez, "historiako etapa gogorrenaren" diseinatzailea, eta Dani Moreno (Katiuxa).

Atzerago ibili dira Alejandro Valverde, Nairo Quintana (Movistar) eta Rafal Majka (Tinkoff-Saxo), Tom Dumoulin (Giant-Alpecin) liderrarekin. Bikain ibili da maillot gorriarekin, eta aurrean mantendu da espezialista.

Aruk erasoa jo duenean, Katiuxak ezin izan dio Astanari erantzun. Landa, 2 minutu aurrerago eta indartsu, ez da taldekidearen zain geratu. Giroaren ostean, denboraldiko bigarren momentu bikaina du orain. Aru gorriz jantzi da; Purito ia 30 segundora dago, eta Valverde ia 2 minutura.

Omar Fraile protagonista izan da. Mendiko sailkapenean lidergoa mantentzeko borrokan, lehenengoa izan da lehenengo mendatean, lehen mailakoa, eta maila berezikoan, gainontzekoetan ere puntuak pilatuta.

Tinkoff-Saxok, aldiz, ez du berriro zortea bere alde izan. Beste motor batek Errusiako taldeko txirrindulari bat jo du: Sergio Paulinho. Lasterketa utzi behar izan du, Peter Saganen gertakizunarengatik kontuak eskatu dizkiotenean Vueltari.

11. ETAPAKO SAILKAPENAK