Itxi

Artea

Omenaldia

Tabakalerako plaza berriak 'Nestor Basterretxea' izena edukiko du

Erredakzioa

Gainera, "Zimbaue" artista zenak egindako eskultura inauguratuko dute gaur Hondarribian, Arma Plazan.

  • 'Zimbaue' du izena Hondarribian jarri duten eskultura. Argazkia: EiTB.

    'Zimbaue' du izena Hondarribian jarri duten eskultura. Argazkia: EiTB.

Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak Tabakaleran sortuko den plaza berriari "Nestor Basterretxea" izena jartzea onartuko du gaur. Erabakia Udalbatzak berretsi beharko du, irailaren 25ean.

Nestor Basterretxea eskultore, margolari, zinemagile, diseinatzaile eta kartelgilea uztailaren 12an zendu zen. Basterretxea, Donostiako Udaleko ordezkariek azaldu dutenez, "Euskal kulturaren abangoardiaren parte garrantzitsua izan da, eta gure arte eta kulturaren erreferente".

Donostian, haren obraren aztarnak ikus daitezke zenbait gunetan, eskulturen bidez: Iztueta koreografoari omenaldia, Bakearen usoa, Pio Barojari Monumentua eta Gernikako Arbola.

2015ean, Tabakalera nazioarteko artisten sormenerako gunea martxan jarriko dute Donostian. Tabakalera kulturen abangoardiak eta sormen prozesuak biltzeko bokazioarekin jaioko da, eta, horregatik, Udal Gobernuaren ustez, ez dago toki aproposagorik Nestor Basterretxearen figura gogoratzeko.

Eskultura, Hondarribian

Halaber, eguerdian, Bermeon jaiotako artistaren lan bat jarriko dute Hondarribian, artista handiaren bizitoki izan zen herrian. "Zimbaue" izeneko eskultura udalerri horretan jarriko duten haren lehen lana izango da.