Itxi

Artea

Gasteiz

Arabako arte erromanikoa, Estibalizko zentro berri batean ikusgai

Erredakzioa

Espazioak irudi, testu, maketa, faksimile eta ikus-entzunezko programa interaktiboak biltzen ditu, bisitariei Arabako erromanikoa gerturatzeko.

01:16

Iñigo Urkullu lehendakariak Arabako Erromanikoaren Interpretazio Zentroa inauguratu du gaur Estibalizko Andre Mariaren santutegian. Ondarea berreskuratzeko bidean “aurrerapausoa” eta Santiago Bidean “ezinbesteko geldialdi eta erreferentziagunea” izango den ustea agertu du bertan Urkulluk.

Lehendakariak Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua, Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politikakoa, Jose Zurita Ekonomia Sustapeneko diputatua eta Maria Jesus Pinedo Estibalizko Ama Kultur Elkarteko presidentea izan ditu ondoan.

Hitzaldian, Urkulluk zentroaren izaera pedagogikoa goraipatu du, eta “historia, arkitektura, artea, erlijioa eta kultura” uztartzen dituela adierazi du.

“Mila urte dauzkagu aurrean”, laburtu du lehendakariak, espazio ‘original eta erakargarria” Santiago Bideko erreferentzia izango delakoan. “Bihotzaz eta buruaz eginiko proiektua” dela azaldu du, gainera.

Arabako Ekonomia Sustapeneko diputatuak ere zentro berria lurraldeko ondare kultural “aberatsa” zabaltzeko balioko duela esan du.

Estibalizko Ama Kultura Elkarteko presidenteak, bestalde, Arabako Diputazioaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza ekonomikoa eskertu du, eta beneditarrek ere zentroa hartuko duen espazioa laga dutela jakinarazi du.

Espazioa Gasteiztik 11 kilometrora dago, Estibalizko santutegian. Eraikinak Arabako patroia gordetzen du, eta Arabako erreferente argia da arkitektura estilo honetan.

Lau espaziotan banatuta dago eraikina, eta erromanikoaren jatorria azaldu eta aztertzen da bertan. Beste euskal lurraldeetan baino adierazpen erromaniko gehiago da Araban: 240 eraikin.