Itxi

Artea

Ekainaren 11ra arte

Niki de Saint Phalle aitzindariaren mundua, Guggenheimen ikusgai

Erredakzioa

Museoak artista polifazetikoaren (pintura, eskultura, grabatuak, performanceak eta zinema), "XX. mendeko lehen artista feminista handiaren", inguruko atzera begirako erakusketa paratu du.

1:56

Guggenheim Bilbao Museoak Niki de Saint Phalle aurkeztu du, Niki de Saint Phalleren (Neuilly-sur-Seine, Frantzia, 1930 – San Diego, AEB, 2002) lanaren gaineko atzera begirako osatua. Nana alai eta boteretsuek, Tiro-margolan indartsuek eta Toscanako Tarotaren lorategiak eta arte publikoko beste lan adierazgarri batzuek egin dute ospetsu nazioartean De Saint Phalleren lana, eta Errealismo Berriaren barruan kokatu dute adituek artista.

Guggenheim Bilbao Museoak eta Réunion des Musées Nationaux-Grand Palais taldeak antolatu dute erakusketa, Niki Charitable Art Foundation-ekin lankidetzan. 200 artelan eta dokumentu baino gehiago bilduta, artistari buruzko ikuspegi erabat berria eskaintzen du, eta haren obraren indarkeria, erradikaltasuna eta konpromiso soziala eta haren lan ospetsuenetako batzuen ikuspegi alai eta koloristak uztartzen dira bertan.

Horrela, margolari, eskultore, grabatzaile, performanceen eta zinema esperimentalaren egile gisa unibertso propioa eta munduaren ikuspegi aitzindaria erakutsi zituen artista honen alderdi anitzak ondo baino hobeto jasotzen dira. Alderdi horiek egileak berak azalpenak ematen dituen proiekzio batzuen bitartez osatzen dira, gainera.

Kronologikoki eta gaika antolatu dute erakusketa, Niki de Saint Phallek ibilbide osoan behin eta berriro jorratutako gaiak agerian ipintzeko, hala nola femeninoaren indarra eta gizarte-arauen aurkako erasoa. Bere lanetan, erradikaltasuna zein konpromiso politiko eta sozial sendoak eta mundu osoan ezagunak diren Nanen kolorea eta baikortasuna elkarrekin azaltzen dira. Beraz, atzera begirakoak Gaudi, Dubuffet eta Pollock inspirazio-iturri dituen mundu paradoxikoa eta berezia erakusten du.

© Niki Charitable Art Foudation, Santee, EE. UU. Foto: © Michael Herling

Frantziako Errealismo Berrian parte hartu zuen emakume artista bakar bezala ezaguna da De Saint Phalle, eta Jasper Johns eta Robert Rauschenberg neodadaistekin eta honen Combines-ekin ere lotzen dute adituek. Halaber, pop arteari beste ikuspegi bat eman ziola ere esaten da.

Horrez gain, Niki de Saint Phalle XX. mendeko lehen artista feminista garrantzitsutzat jo dute. Emakumearen gorputzaren irudikapen berri bat sortu zuen, erotismoaren eta irudi mitiko nagusien bitartez, eta finkatuta zeuden kanonak zalantzan jarri zituen; horrela, emakumearen boterea eta gizartean duen zeregina aldarrikatu zituen.

Feminismoa da konbentzionalismoen eta jarrera zurrunen aurka borrokatzeko erabili zuen elementuetako bat, baina ez bakarra. Niki de Saint Phalle artista konprometitua izan zen, eta bere lanetan kritika sozial eta politiko nabarmena atzematen da, askotan indarkeriaren eta kaosaren bitartez adierazten dena. Ibilbide osoan erakutsi zuen kontraesana erakusten dute bere lanek: indarkeria eta kaosa, jolasarekin eta bizipozarekin uztartuta.

kin uztartuta.