Itxi

Artea

Errekorra

Bilboko Arte Ederren Museoak, inoiz baino bisitari gehiago atzo

Agentziak | Erredakzioa

Eskultura hiperrealistaren erakusketak 6.600 pertsona erakarri zituen atzo, doako sarreraren egunean, Bilboko museora.

Bilboko Arte Ederren Museoak inoiz egun batean hartutako bisitarien errekorra ondu zuen atzo, doako sarrerako egunean, 6.600 pertsona hartuta.

Museoak ohar batean azaldu duenez, udako erakusketa nagusiak, “Eskultura Hiperrealista 1973-2006” bildumak, eragin duen jakin-minari zor zaio marka hau. Bertan erakusgai dauden lanen errealismo muturrekoa Bizkaiko publikoa eta bisitariak aldraka erakartzen ari da egunotan.

Atzo, asteazkena izanik, bisita doakoa zen, eta 6.608 pertsona zenbatu zituzten museoko langileek eraikinean, joan den asteko egun berean baino ia mila gehiago.

Ekainaren 20an, langileek 40 eguneko greba amaitutzat eman eta gero, inauguratu zenetik, 42.119 pertsonak ikusi dute erakusketa 19 egunean.