Itxi

Artea

Banaketa, urriaren 5ean

J. A. Sistiaga, Mabi Revuelta eta La Tallerrentzat, Gure Artea sariak

eitb.eus

18.000 euro jasoko ditu arte garaikidean eta euskal kulturan egindako ekarpenagatik saria jasoko duenetako bakoitzak.

  • Jose Antonio Sistiagaren ibilbide artistikoa aitortuko du Gure Artea sariak. Argazkia: EiTB.

    Jose Antonio Sistiagaren ibilbide artistikoa aitortuko du Gure Artea sariak. Argazkia: EiTB.

Jose Antonio Sistiagak (Donostia, 1932), Mabi Revueltak (Bilbo, 1967) eta La Taller Bilboko espazioak jasoko dituzte 2016ko Gure Artea sariak. Sistiaga donostiarrak ibilbide artistikoaren aitormenari dagokion modalitatean jasoko du; Revuelta bilbotarrak sorkuntza-lana aitortzeko modalitatean; eta ikusizko arteen arloan egindako lana aitortzen duen modalitatean Maite Martinez de Arenazak zuzentzen duen La Taller espazioak.

Joxean Muñoz Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak eta Elena Aitzkoa sarien aurtengo edizioko epaimahaikideak eman dituzte ezagutzera gaur goizean, Bilbon egin den prentsaurrekoan, irabazleen izenak.

Gure Artea sariek 18.000 euroko diru-kopurua du modalitate bakoitzeko. Sari hauen bidez, egin duten lana aitortu eta arte garaikidean eta euskal kulturan egindako ekarpena aitortu nahi dizkiete irabazleei.

2016ko Gure Artea sarien epaimahaiburu Peio Aguirre Azkarate arte kritikaria izan da. Honekin batera, epaimahaiko kide izan dira: Abigail Lazkoz Saez, artista; Elena Aitzkoa Reinosa, artista eta iazko irabazlea; Koldo Almandoz de la Cruz, zinemagile eta kazetaria; eta Lucia Agirre Lopez, Guggenheim Bilbao Museoko curator-a.

Sariak banatzeko ekitaldia urriaren 5ean egingo dute, Artium Gasteizko museoan.

Jose Antonio Sistiaga bere margolanengatik eta zinemari egindako ekarpenengatik da ezagun. "Gaur" abangoardiako artearen aitzindariz osatutako taldean parte hartu zuen.

Bere sorkuntza-lanaren lehen aroan, Sistiagaren obra margolanek osatzen zuten gehienbat, lirismoaren eta informalismoaren korronteak nagusi zirelarik, eta gero, kamerarik gabeko zinemara, zuzenean zeluloidezko pelikularen gainean marraztera, lerratu zen. XX. mendeko zinema esperimentalaren bidea jorratu zuen, hortaz, eta halaxe aitortu diote, nazioartean egindako hainbat erakusketatan.

Mabi Revueltak mundu osoan erakutsi du bere lana, eta artista plastiko gisa duen ibilbidea irakaskuntzarekin eta artearen pedagogia berrien ikerkuntzarekin uztartzen du.

Diziplinartekotasuna eta beste agente sortzaileekin izaten dituen lankidetza-prozesuak nabarmentzen dira bere lanean, sarion epaimahaiaren aburuz.

La Taller, ikusizko arteen arloko sariaren irabazlea, Bilboko kultura proiektu eta espazioa da. Gune hibridoa da, ekoizpeneko eta edizio grafikoko lantegia eta erakusketa-aretoak biltzen baititu 2010eko irailean zabaldu zutenetik. Maite Martinez de Arenaza du zuzendari.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea