Itxi

Artea

'Ez dago deliturik'

Abel Azconaren aurkako auzia artxibatu du epaileak

Iruñeko 2 zenbakiko instrukzio epaitegiaren ebazpenaren arabera, Maider Beloki zinegotziaren aurkako kereila ere ez dute onartu.

  • Abel Azcona

    Abel Azcona

Iruñeko 2 zenbakiko epaileak Abel Azconaren aurka “Desenterrados” erakusketa dela eta zabaldutako auzia ixtea erabaki du. 2015eko azaroan Iruñean inauguratu zuten erakusketan, “pederastia” hitza idatzi zuen Azconak ostia sagaratuak erabilita.

Epailearen idatziak dioenez, gainera, Abokatu Kristauen Espainiar Elkarteak Maider Beloki Iruñeko zinegotziaren aurka aurkeztutako kereila ere ez dute onartu, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ohar batean azaldu duenaren arabera.

Autoan irakur daitekeenez, magistratuaren ustez ez zen egon ez sentimendu erlijiosoen aurkako deliturik ezta gorroto deliturik ere. Idatziaren aurkako errekurtsoa jar daiteke oraindik, nolanahi den.

Epailearen aburuz, argi dago Azconak ostien erabilera profanoa egin zuela, baino hori ez da nahikoa delitua egon zela esateko, artistak bere jarduera ez baitzuen tenplu, eliza edo gurtzarako beste toki batean egin, ezta zeremonia erlijioso batean ere.

Epailearen idatzian irakur daitekeenez, inputatuak ez zituen erakusketako bisitariak eliza katolikoaren edo berorren kideen aurkako indarkeria edo gorroto delituak egitera bultzatu, inola ere, pederastiaren izugarrikeriaren aurka jarrera hartzera baizik.

Abokatu kristauen elkarteak helegitea jarriko du

Iruñeko 2 zenbakiko epaileak Abel Azconari zabaldutako auzia ixtea erabaki ostean, helegitea jarriko duela jakinarazi du Espainiako Abokatu Kristauen Elkarteak (AEAC).

Elkarte horrek jakinarazi duenez, ez zuen espero epaileak hartutako erabakia. Ildo horretatik, "Desenterrados" erakusketa kristauentzat iraingarria dela eta askatasun erlijiosoaren kontra doala berretsi du AEAC elkarteak.

Beste alde batetik, epailearen erabakiarekin haserre dagoela esan du Polonia Castellanos elkarte horretako presidenteak. Gainera, sumindura adierazi du ostia sagaratuei erreferentzia egiteko orduan epaian erabili duen terminologiagatik.

Gainera, change.org plataformaren bitartez 110.000 sinadura baino gehiago bildu zituztela eta manifestazioak egin zituztela gaineratu du elkarte horrek.