Itxi

Artea

Museoa

Zugaza Arte Ederren Museoko zuzendari izendatzearen aurka egin dute

Agentziak | Erredakzioa

Hamahiru elkarte profesionalek eta 437 herritarrek Bilboko Arte Ederren Museoari eskatu diote Miguel Zugazaren izendapena baliogabetzeko eta lanposturako lehiaketa publikoa egitea.

Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko hamahiru elkarte profesionalek eta 437 herritarrek Bilboko Arte Ederren Museoari eskatu diote Miguel Zugaza zuzendari izendatzeko erabakian atzera egitea eta lanpostu horretarako lehiaketa publikoa egitea.

Eskaera Bilboko museoaren patronatuari bidalitako gutun batean egin dute, eta, idatzi horretan, zuzendaritza taldeko kideak izendatzeko orduan Arte Zentroetako Jardunbide Egokien Kodea errespetatzea ere eskatu diote.

Besteak beste hauek sinatu dute eskutitza: Kulturaren Arabako Sektore Mahaia, Arte Bisualetako Emakumeak, Ecuador Etxea, Espazioa aretoa, Ispilu Zarauzko galeria, EHUko Arte Ederren fakultateko hainbat irakasle eta ikasle, historialariak, arte komisario independenteak eta arlotik kanpoko herritarrak.

Gutunaren sinatzaileen esanetan, Kode hori 2007an sinatu zuten sektoreko elkarteek eta orduko Kultura Ministerioak, eta museoetako zuzendaritza karguetarako lehiaketa publikoa egin beharra ezartzen da bertan.

Sinatzaileek, nolanahi den, adierazi dute ez dutela “inola ere” Migual Zugazaren balio profesionala ezbaian jartzen, “ezagutzen dugu eta aintzat hartzen dugu”, eta gogora ekarri dute, bestalde, Bilboko museoak ez duela bete “Gizon eta Emakumeen arteko Berdintasunerako Euskal Autonomia Erkidegoko IV. Planaren 40. artikulua”.

Museoko arduradunek ez dute gutunari buruz hitz egin.