Itxi

Artea

Girls can do it!

Estereotipo matxisten inguruan hausnartzeko argazkiak

eitb.eus

Eider Bernaola eta Leire Bikuña argazkilariek proiektu komun bat aurkeztu dute, emakumeen gaineko klixeetan sakondu eta gogoeta sustatzeko.

  • Eider Bernaolaren eta Leire Bikuñaren lana da "Girls can do it!"

    Eider Bernaolaren eta Leire Bikuñaren lana da "Girls can do it!"

Eider Bernaola (Gasteiz, 1992) eta Leire Bikuña (Iruñea, 1993) argazkilari profesionalek “Girls can do it” egitasmo komuna argitaratu dute gaur, martxoak 8. 50 emakume boluntariok parte hartu dute bertan, eta helburua da, Bernaolak berak azaldu duenez, erakustea “emakumezkoak argazkilaritzan irudikatzeko moduak nola lagundu duen gaur egun ere gizartean gizon-emakumeen artean dauden ezberdintasunak indartzen”.

Beren lan gehienen gaiak batzen ditu bi argazkilarion bideak: argazkilaritza beren iritzia azaleratzeko erabiltzen dute, baita ikertzeko, hausnartzeko eta irudiaren inguruan dauden estereotipoen eta emakumea historian erakusteko moduaren inguruan gogoeta egiteko ere.

Proiektu berri honetan, berrogeita hamar emakumek baino gehiagok hartu dute parte, eta horretarako atondutako webgune batean kontsultatu ahal da emaitza.

Jatorri militarra

Proiektuaren ardatza “We can do it!” ilustrazio ikonikoa da, hain zuzen ere, Leire Bikuñak azaldu duenez, “historiari begiratuta batere feminista ez den irudia”.

we can doi it

Bernaolaren arabera, J. Howard Millerrek 1943an elektrizitate enpresa batentzat sorturiko kartelaren xedea “langileen gogoa berotu eta akuilatzea zen. Gobernuak eta enpresek eurek martxan jarritako propaganda ekimen militar bati zegokion, eta Bigarren Mundu Gerran frontean zeuden gizonezkoak ordezkatzera bideratuta zegoen; langileak behar zituzten”.

Hala ere, emakumezkoak lan merkatuari gehitzeko ekimenak muga egun bat zuen: gerraren amaiera. Soldaduak gerratik itzuli zirenean, emakumezkoak etxera itzuli ziren, lanpostuan erakutsitako trebezia maila gorabehera. Eskubideak ukatu zizkieten eta, nahiz eta askok lantegietan beharrean jarraitzeko borondatea agertu zuten, etxera itzuli eta “beren zereginetan” jarduteko “gonbita” egin zieten.

1980ko hamarkadan, baina, kartela berriz agertu zen, eta mugimendu feminista erabiltzen hasi zen, emakumezko langileen eskubideen aldeko borrokaren irudi gisa. Gaur egun, emakumeen ahalduntzea irudikatzen du.

“Ezinegona piztu”

Eider Bernaolak eta Leire Bikuñak, horren guztiaren aurrean, kartela berrinterpretatu nahi dute, eta gogora ekarri indarra ez dagokiola genero bakarrari, ezpada pertsona guztioi. “Rolak deuseztatzeko ordua da, jarrera, emozio edo ekintza batzuk rol bati edo besteari egozteari uzteko garaia, horrela ukatu egiten baitiogu geure buruari pertsona orekatuagoak izateko aukera. Femeninotasuna ahuldadeari lotuta egoteari uztea nahi dugu”, erantsi dute.

“Gizonen eta emakumeen hausnarketa bilatzen dugu, eta ezinegon txiki hori piztea, ekiteko eta aldatzeko lehen urratsa baita”.