Itxi

Artea

Gasteiz

Juan Perez Agirregoikoa donostiarraren lana, Artiumen ikusgai

Agentziak | Erredakzioa

"Uztailak 38 - Urriak 37" erakusketa, inoiz donostiarrak eginiko handiena, irailaren 17ra bitartean egongo da ikusgai Gasteizen, Hegoalde Aretoan.

  • Juan Perez Agirregoikoaren lana

    Juan Perez Agirregoikoaren lana

Artium Gasteizko Arte Garaikideko Euskal Zentro Museoak "Uztailak 38 - Urriak 37" Juan Perez Agirregoikoaren erakusketa izango du ikusgai irailaren 17ra bitartean, Hegoaldeko Aretoan. Artista donostiarrak orain arte egin duen erakusketarik handiena da, eta asteazken honetan inauguratuko dute, 20:00etan.

Museoaren arduradunek eta artistak berak aurkezpenean azaldu dutenez, erakusketaren izenburuak alegiazko egutegiaren garai bat ekarri nahi du gogora. Erakusketak, batez ere, Agirregoikoak azken urteetan egindako lanak biltzen ditu, baita guztiz ezezagunak edo ez oso ezagunak diren lehenagoko zenbait ere.

Juan Perez Agirregoikoak (Donostia, 1963) baliabide arrunt samar eta ez oso deigarriak erabiltzen ditu: paper gaineko margoa, testuak, oihalezko pankartak. Oinarrizko teknikak ere erabiltzen ditu, hala nola ikatz marrazkia eta urmargoa.

Peio Agirre erakusketaren komisarioaren esanetan, "lehen begiradan obra irakurterraza dirudien arren, irakur daitekeen lehen geruza horren azpian, gure bizimoduaz eta giza jokamoldeaz ironia handiz mintzo zaizkigun aipu oso landuak ekartzen dizkigu artistak".

Oro har, artista donostiarraren lanen edukiak boterearen, erlijioaren eta obedientziaren gaineko diskurtsoak bere egin eta irauli egiten ditu.