Itxi

Artea

Urriaren 11tik 14ra

Soinu eta argi ikuskizuna prestatu du Guggenheimek, XX. urteurrena dela eta

Agentziak | Erredakzioa

Urriaren 11tik 14ra bitartean Frank Gehryk diseinatutako eraikin ikonikoa esku-hartze artistikoa bihurtuko da, soinuz eta argiz osatutako ikuskizunari esker.

  • Urriaren 11tik eta 14a bitartean egingo dute proiekzio erraldoia

    Urriaren 11tik eta 14a bitartean egingo dute proiekzio erraldoia

Urriaren 18an Frank Gehryk diseinatutako Guggenheim Bilbao Museoak 20 urte beteko ditu. Urteurrena ospatzeko artearekin lotutako jarduera desberdinak antolatu dituzte, baina aste honetan bertan ikus-entzunezko ikuskizun harrigarri bat eskainiko dute.

Astelehen honetan, urriak 9, hasiko dira XX. urteurreneko ospakizunen ekitaldi nagusiak. Marte planetako aurrez ikusi gabeko irudien bitartez eta Pedro Duque astronautaren presentzia lagun izanda, Chasmanta ikuskizunak saxofoiak eta teknologia berriak uztartuko ditu. Guggenheim Museoak jakinarazi duenez, ehundik gora saxofoi-jotzailek parte hartuko dute ekitaldian.

Gainera, Paolo Nespoli astronautak Nazioarteko Espazio Estaziotik (ESA, ingelesezko sigletan) bidalitako mezua irakurriko dute artea eta zientzia modu berri batean uztartzen dituen ikuskizun horretan.

Reflections

XX. urteurreneko oroipen-ekitaldiei amaiera bikaina emateko, urriaren 11tik 14ra bitartean Frank Gehryren eraikin ikonikoa esku-hartze artistiko erraldoi bilakatuko da. Soinu eta argi proiekzioekin osatutako Reflections ikuskizuna 200.000 lagunek ikusi ahal izango dute.

Besteak beste, Anish Kapporren Zuhaitz garaia eta begia, Louise Bourgeoisen Ama armiarma eta Jeff Koonsen Puppy koloretsua agertuko dira ikuskizunean. Saio bakoitzak 20 minutu inguruko iraupena izango du eta bertan Bilboko historiaren eta sormenaren bi hamarkada izango dira aztergai.

Historia aberats horretan inspirazioa hartuta, eta Gehryren diseinu ameslarian eta arkitektoak argian, testuran eta mugimenduan erakutsitako interes jarraituan oinarrituta, proiekzioek eraldatu egingo dute obra arkitektonikoa, argiz eta kolorez osatutako ospakizun bat gorpuztuz.

Aldaketak zirkulazioan

Bilboko Udalak ohar baten bidez jakitera eman duenez, lau egun horietan eskainiko den ikuskizun horren eraginez zirkulazio-aldaketak egongo dira Unibertsitate etorbidean. Etorbide hori bi noranzkoetan egongo da itxita zirkulaziorako, Salbe eta Agirre Anaien kaleen artean, 19:30etik 23:30era bitartean, gutxi gorabehera.

Aldaketok eragina izango dute bidegorrian ere eta, batik bat kanpoko aparkalekuan, kendu egingo baita Unibertsitate etorbideko tarte berean. Garajeetako sarrera-irteerak ere itxita egongo dira.

Era berean, Bilbobusen zenbait lineatan ere aldaketak egingo dira ohiko ibilbide eta geralekuetan, etenaldiak gertatzen diren bitartean.

Segurtasun neurriak

Beste alde batetik, Bilboko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak segurtasun-operatibo berezia antolatu eta koordinatu dute ikuskizunaren inguruetan. Uniformedun patruilak eta kalez jantzita diharduten agenteak arduratuko dira museoaren inguruko segurtasunaz, jende asko pilatu daiteke eta.