Itxi

Bertsolaritza

Bertsolaritza

Hiru talde izango dira larunbat honetan Bardoak txapelketako finalean

Erredakzioa

Lepatanatuek 2 (Baztan), Bertze Maldikoak (Iruñea) eta Harrapazank (Leitza) taldeak sailkatu dira finalerako. Sarrerak salgai daude, 10 euroan.

  • Lepatanatuek taldekok, saioan. Argazkia: Nafarroako Bertsozale Elkartea.

    Lepatanatuek taldekok, saioan. Argazkia: Nafarroako Bertsozale Elkartea.

Bardoak taldekako txapelketak bigarren faseko lau saio izan ditu joan den asteburuan, azken kanporaketak, Igantzin, Leitzan eta Iruñean. Jende andana baten aurrean joandako saioon ostean, Lepatanatuek 2 (Baztan), Bertze Maldikoak (Iruñea) eta Harrapazank (Leitza) taldeak sailkatu dira apirilaren 12an Lesakan egingo den finalerako.

Iruñeko 12 obario eta 11 pedrada eta Leitzako Harrapazank taldeek haien lehen saioa izan zuten ostiralean, Iruñean. Puntua leitzarrek eraman zuten.

Igantzin izan zen asteburu luzeko bigarren hitzordua. Bertso-afari formatuko saioa izan zen; bapo afaldu eta gero ekin zioten kantatzeari sei bertsolariek, 65 bertsozaleren aurrean. Lepatanatuek 2ko baztandarrek lortu zuten jokoan zen puntua eta finalerako sailkatzea.

Larunbatean ere, Bardoak hartu zituen Iruñeak. Bertze Maldikoak iruindarrek eta Baztan-Malerrekako Etxeko kontuk taldeek kantatu zuten, eta etxekoentzat izan zen puntua, baita finalerako sailkapena ere.

Azkenik, igandean Bardoen bigarren faseko azken saioa jokatu zen, Leitzako gaztetxean, 60 entzuleren aurrean. Berriro ere, Harrapazank eta 12 obario eta 11 pedrada taldeak izan ziren kantuan, leitzarrek eraman zuten puntua eta finalerako txartela.

Lesakako finalerako sarrerak, salgai

Horrenbestez, hiru taldek abestuko dute apirilaren 12an Lesakako frontoian, Bardoak taldekako ekimenaren finalean. Sarrerak salgai daude Bertso Sarrerak Bertso Sarrerak webgunean; 10 euro balio dute Bertsozale Elkarteko bazkideentzat, langabeentzat eta 16 urtetik beherakoentzat, eta 15 euro gainerakoentzat.

Horrez gain, finalerako sarrerak Nafarroako hainbat herritan eros daitezke: Lesaka, Bera, Leitza, Lekunberri, Etxarri-Aranatz, Elizondo eta Iruñean.

Otsailaren 7an abiatu zen txapelketan 110 parte-hartzaile izan dira, 16 taldetan. Guzira, 23 saio egin dituzte.