Itxi

Bertsolaritza

Bertsulari Xapelketa

Iparraldeko bertsolariak, txapelketa hastear

Erredakzioa

Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko txapelketako lehen kanporaketa urriaren 4an izango da, Muskildin, eta hurrengoak hilaren 11n (Senpere) eta 18an (Aiherra).

  • Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko txapelketaren aurkezpena.

    Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko txapelketaren aurkezpena.

"Silabaz xilaba" lelopean, hastear da Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko bertsolari txapelketa. Joana Itzaina Bertsularien lagunak elkarteko lehendakariak esan duenez, tentu handiz antolatu dute txapelketa: "Lehia bertsolaritzaren pizgarri da une hauetan, bertsozaletasunaren bultzatzaile eta bertsogintzaren legami, bertso-eskolen animatzaile eta bertsolarien akuilu. Ongi baliatzen jakin behar den tresna, hori bai, baina baitezpadako osagai, bidean ibiltari izatearen harrotasuna ematen diguna", esan du.

Jarraian, Maurice Aguerretche Txapelketako antolakuntzaren arduradunak kanporaketen berri eman du: Zuberoan, Muskildin, urriaren 4an Sustrai Colina, Egoitz Zelaia, Xan Alkhat, Aitor Servier, Gillen Hiribarren eta Mixel Etxekopar izango dira nor baino nor gehiago.

Urriaren 11n, Senperen, Euskal Herriko Bertso Eskolen Egunarekin batera, Maddi Sarasua, Xumai Murua, Battitt Crouspeyre, Lur Renteria, Miren Artetxe eta Maddalen Arzallus arituko dira.

Azkenik, hilaren 18an, Aiherran, Denen Etxean gelan Odei Barroso, Eneritz Zabaleta, Ortzi Murua, Ramuntxo Christy, Patxi Iriart eta Ortzi Idoate izango dira.

Finalerdiak urriaren 26an eta Aiziritzen jokatuko dira, hurrenez hurren, eta finala azaroaren 15ean izango da, Baionan, Lauga gelan: sei bertsolari neurtuko dituzte indarrak bertan.