Itxi

Bertsolaritza

Bertsolari Txapelketa Nagusia

BECeko finalerako sarrera guztiak agortu dira

E.J. | ERREDAKZIOA

Abenduaren 17an jokatuko da Barakaldon, BECen, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala, baina jada ez dago sarrerarik. Hala ere, badaude oraindik finalaurrekoetarako sarrerak.

  • Duela lau urteko finala, BECen. Argazkia: EiTB

    Duela lau urteko finala, BECen. Argazkia: EiTB

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalerako bi hilabete falta diren honetan, agortu egin dira egun horretarako sarrerak. "Finalerako sarrera guztiak amaitu dira. Leihatilan ez da sarrerarik salgai jarriko" dio sarrerak erosteko Interneten jarritako webguneak.

Bertsozale Elkarteak 14.000 sarrera jarri zituen salgai, eta bistan denez, eskaria izugarria izan da; bertsozaletasuna goraka doan seinale.

Duela lau urte ere bertsozale asko sarrerarik gabe geratu ziren, eta antza, denboraz hartu nahi izan dituzte oraingo honetan, askok eta askok.

Finalerako sarrerak agortu badira ere, oraindik ere eros daitezke finalaurrekoak ikusteko sarrerak: Bastida (urriak 28), Irun (azaroak 1), Maule (azaroak4), Durango (azaroak 12), Amurrio (azaroak 19), Donibane Lohizune (azaroak 26) eta Iruñea (abenduak2).

Hauek dira Txapelketan zehar sailkatu direlako finalaurreko horietan izango diren bertsolariak, puntuazioa gehienetik gutxienera:

1- Oihana Iguaran

2-      Alaia Martin

3-      Miren Amuriza

4-      Nerea Ibarzabal

5-      Agin Laburu

6-      Iñaki Apalategi

7-      Julio Soto

8-      Unai Agirre

9-      Jon Martin

10-   Etxahun Lekue

11-   Maddalen Arzallus

12-   Nerea Elustondo

13-   Jon Maia

14-   Jone Uria

15-   Nahikari Gabilondo

16-   Miren Artetxe

17-   Beñat Iguaran

18-   Aimar Karrika

Hauei guztiei duela lau urte finalista izan ziren sei bertsolari batuko zaizkie finalaurrekoetan: Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Maialen Lujanbio eta Sustrai Colina.

Eta ikusi egin beharko da horietatik guztietatik ze zortzi bertsolari igoko diren abenduaren 17an BECeko oholtzara.