Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Abenduak 2-6

Argentinak erakusleihoa izango du Durangoko Azokan

eitb.eus

Iaz Bartzelonako Euskal Etxeak bezala, aurten Argentinako euskal komunitateak erakusmahaia izango du Landako Guneko eremuan.

Durangoko Azokaren 51. edizioan, abenduaren 2tik 6ra, Argentinako euskal komunitateak erakusmahaia izango du lehen aldiz, iaz Bartzelonako Euskal Etxeak hasitako bideari jarraituz.

Bisitariek hainbat argitaletxeren argitalpenak izango dituzte ikusgai bertan, gai askori buruzkoak: diasporan egindako bertsolaritza batzen duen liburua, Radio Euskadiren historia aztertzen duen lana, Agirre lehendakariaren bizitzan oinarritutako eleberria…

Horrez gain, bisitariek zerbitzu bitxi batez gozatu ahal izango dute stand horretan: ordenagailu baten bidez, euskal abizenek Argentinan izan duten zabalpenaren berri jakin ahalko da. Erakusmahai hau FEVA Argentinako Euskal Erakundeen Federazioko eta Kanpo Harremanetarako Idazkaritzako kideek kudeatuko dute.

Halaber, Argentinako euskal komunitateak hainbat solasaldi ere eskainiko ditu Azokako Areto Nagusian. Hauek, hain zuzen ere:

Abenduaren 2an, 14:00etan. "Gaurko Argentinako euskaldunak", gaur egun Argentinan bizi diren euskaldunon arazoak eta errealitatea ezagutzeko solasaldia, Asier Vallejo Kanpo Harremanetarako Idazkaritzaren zuzendariak gidatuta.

Abenduaren 3an, 14:00etan. "Argentinan euskaraz" egitasmoaren aurkezpena, Kinku Zinkunegi (HABE) eta Miren Arozarena (FEVA) arduradunen eskutik.

Abenduaren 4an, 14:30ean. "Ekin, argitalpen eusko argentinarrak". Ekin argitaletxe argentinarra lehen aldiz egongo da Azokan, eta Argentinako euskal herritarrei buruzko 4 titulu aurkeztuko ditu. Sortzaileak euren lanak aurkezten egongo dira, Josu Legarretak gidatuta.