Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Abenduak 4

16-24 urte arteko gazteen erditik gora euskal hiztun berriak dira

Eitb.eus

Hala jasotzen du igande honetan Durango Azokan aurkeztu duten 'Euskal hiztun berriak: esperientziak, jarrerak eta identitateak' liburuak.

  • 'Euskal hiztun berriak: esperientziak, jarrerak eta identitateak' hitzaldia. Argazkia: EiTB

    'Euskal hiztun berriak: esperientziak, jarrerak eta identitateak' hitzaldia. Argazkia: EiTB

Ane Ortega (Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibertsitate Eskola), Estibaliz Amorrortu (Deustuko Unibertsitatea), Jone Goirigolzarri (Deustuko Unibertsitatea) eta Jaqueline Urla (University of Massachusetss) ikerlariek osatutako taldeak 'Euskal hiztun berriak: esperientziak, jarrerak eta identitateak' liburua aurkeztu dute igande honetan, abenduak 4, Durangoko Azokan.

Liburua zortzi kapituluk osatzen dute eta bi atal nagusitan banatuta dago. Lehenengo sei kapituluetan azterketa kualitatiboa da nagusi. Zazpigarrenean, aldiz, ikerketa kuantitatiboa eta horren emaitzak irakur daitezke. Azken kapituluak aurretik bildutako datuen laburpena dakar. Bertan, euskal hiztun gazteei buruzko sintesi sakonagoa jaso du ikerlari taldeak.

Aipuz betetako liburuaren egileek azaldu dutenez, euskaldun berrien kopuruak gora egin du azken urteotan, bereziki 16 eta 24 urte bitarteko gazteen artean. Adin tarte horretan, erdia baino gehiago euskaldun berriak dira.

Ikerketaren lagina euskara familiatik kanpo ikasi duten lagunek osatzen dute, hizkuntzaren normalizazioari begira talde estrategikoa osatzen baitute. Egileek azaldu dutenez, hiztun berrien inguruko ikerketa sakon honetan parte hartzaileek bizi izandako esperientziei garrantzia handia eman nahi izan diete, “nolako gaitasuna eskuratu duten hobeto jakiteko”. Ildo horretatik, benetako euskaldunak sentitzen diren galdetu diete Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren 18 eta 55 urte bitarteko parte hartzaileei.

Ikerketa 2012an jarri zuten martxan, Bizkaiko Foru Aldundia eta Deustuko Unibertsitatearen arteko Bizkailab ekimenaren diru-laguntzari esker. Bost urte geroago, emaitzak liburu batean argitaratu dituzte. Ikerketa bi fasetan banatu dute. Lehenengoan azterketa kualitatiboari dagokiona izan da. 75 pertsona bildu dituzte, eta eztabaida taldeez gain, elkarrizketak egin dituzte. Bigarren fasean, azterketa kuantitatiboari dagokiona, 600 partaide baino gehiago bildu dituzte.

Partaide guztiak maila aurreratuko hiztunak izan dira, euskarazko C1 mailaren ziurtagiria dutenak. Emaitzei dagokienez, “profilen aniztasuna” nabarmendu dute egileek. Izan ere, gazteak zein helduak izan, talde nagusi bakoitzaren barruan azpitalde ugari daudela azpimarratu dute egileek.

Beste alde batetik, hizkuntzaren erabilerari dagokionez “profil ezberdinak” daudela azaldu dute. “Euskaldun batzuk hiztun aktiboak bihurtu dira, baina beste batzuk ez dute lortu”. Ildo horretatik, faktore ezberdinek (sare sozialak, hizkuntza erabiltzeko aukerak, gaitasunak, motibazioak edo kontzientziak) eragin handia dutela ziurtatu dute. Halaber, norbera benetako euskaldun sentitzeak duen garrantzia nabarmendu dute.

Euskararen erabilerari dagokionez, hiztunek arrazoi desberdinak dituzte hori erabiltzeko. Ikerketaren parte hartzaile gehienek, euskararen probetxua nabarmendu dute (horrek jarrera aktiboa erakusten du) euskara hitz egiteko orduan. Beste askok, lankideekin edo lagunekin euskaraz hitz egiteko aukera izateak asko laguntzen duela uste dute.

Bestalde, gutxi edo oso gutxi erabiltzen dutenek, “ohiturak edo testuingurua” arrazoi nagusiak direla diote.

Egileek nabarmendu dutenez, partaideek balio ezberdinak esleitzen dizkiete euskara batuari eta zaharrari (euskalkiei). Azkenik, euskararen aldaeren prestigioa eta legitimitateari buruz hitz egin dute.

hitz egin dute.