Itxi

Euskara

Arriaga antzokian

Kafkaren 'Metamorfosia' ostegunean, Klasikoen IX. Irakurraldian

Agentziak | Erredakzioa

Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako ekimenean, 400 lagunek Franz Kafkaren lana irakurriko dute jendaurrean etengabe, 08:00etatik 19:00etara, Arriaga antzokian. eitb.eus-en jarraitu ahalko da.

  • Arriaga antzokiak hartuko du irakurraldia. Argazkia: Begoña Barrutia.

    Arriaga antzokiak hartuko du irakurraldia. Argazkia: Begoña Barrutia.

"Metamorfosia" Franz Kafkaren lana irakurriko dute Bilboko Arriaga antzokian datorren ostegunean, ekainaren 9an, osorik eta jendaurrean, Klasikoen IX. Irakurraldian. Beste urte batez Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatu du ekimena, Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailaren, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Aldundiaren, Laboral Kutxaren eta Petronorren babesarekin. Irakurraldia 08:00etan hasi eta 19:00etan bukatuko da, eta Anton Garikano hizkuntzalari eta itzultzaileak irakurriko ditu liburuko lehenengo lerroak, irakurraldiari hasiera emateko.

Antolatzaileek aurkezpenean azaldu dutenez, irakurraldiaren helburua beste hizkuntza batzuetatik euskarara egindako zuzeneko itzulpenen garrantzia aldarrikatzea da, "eragina baitu mundua ulertzeko moduan". Jaia ere ospatuko da, euskaltegiko ikasleek urtean zehar egindako ahalegina aintzat hartu eta omentzeko.

Aurten, laugarren urtez jarraian, Arriaga antzokiaren kanpoaldean eta Bilboko Alondegiko sarrerako pantailetan zuzenean ikusi ahal izango da irakurraldia egun osoan zehar. Horrez gain, irakurketa streaming bidez jarraitu ahal izango da eitb.eus webgunean bertan.

Euskal kulturako zein gizarte, kirol, ekonomia edo politikako hainbat lagun ospetsuk irakurriko dute "Metamorfosia", bestelako herritarrekin batera. Guztira, 400 lagunek baino gehiagok hartuko dute parte, hala nola politikariek, komunikabideetako eta sindikatuetako ordezkariek, Bilbo Zaharra Euskaltegiko eta Bilboko ikastetxeetako ikasle eta irakasleek, ostalariek, Gotzaingoaren ordezkariek eta ekonomialari, abokatu eta ingeniarien eskola profesionaletako ordezkariek.

Horrez gain, ekainaren 15etik uztailaren 15era bitartean, Klasikoen Irakurketa Jarraituak bederatzi urteotan izan duen ibilbideari buruzko erakusketa bat izango da Bilboko metroan.