Publizitatea
X

Irratia zuzenean

Euskararen Eguna 2016: Ekitaldiak Donostian, Bilbon, Gasteizen...

Euskara

Abenduaren 3a

Zer egin dezaket nik Euskararen Egunean?

E.G. | EITB.EUS

2016/12/02

Hamaika ekitaldi antolatu dituzte Euskal Herriko hiriburu eta herrietan. Gal ez ditzazun, laburbilduma egin dugu.

  • Euskararen Txantxangorria lehiaketan parte hartu zuen argazkietako bat. EiTB

    Euskararen Txantxangorria lehiaketan parte hartu zuen argazkietako bat. EiTB

  • Partekatu
  • Bidali

Iruzkinak

Zer egin dezaket nik euskararen alde? Horixe da 2016ko Euskararen Eguneko adierazpen bateratuak botatako galdea. Norberak hizkuntzaren alde asko egin dezakeela sinetsita, konpromiso pertsonalerako deia egin du ia 500 atxikimendu jaso dituen aldarriak.

Hari beretik tiraka, hamaikatxo dira Euskararen Egunaren harira antolatutako ekitaldiak. Aurten abenduaren 3a larunbata egokitu denez, hitzorduak ostiralera aurreratu dituenik bada, eta asteburu osoa ekitaldiz zipriztindu dutenak ere franko dira.

Hego Euskal Herriko hiriburuetan antolatutako ekimenen laburbilduma, segidan:

DONOSTIA

Ekitaldiz beteta dator Gipuzkoako hiriburuko agenda asteburu honetan: guztira, 170. Donostiako 15 auzoetan antolatu dituzte ospakizunak, gehienak abenduaren 2an eta 3an.

Abenduaren 2a

Mintzapraktika sustatzeko, urteroko Mintzodromoa egingo dute ostiralean San Telmo Museoan.

Donostiako Udalak udaletxean egingo du ekitaldi nagusia, 18:30etik hasita. Aurtengo lelotik tiraka, "Zer egin dezaket nik euskararen alde? 2016 adibide" izena jarri diote ekitaldi irekiari. Europako Kultur Hiriburutzaren baitan, urtean zehar euskara eta hizkuntza aniztasunarekin lotuta egin diren proiektuen berri emango dute.

Bertsolaritza maite dutenek, berriz, "Donostia bertsotan" saioa edukiko dute dagoeneko begiz jota. Ostiralean izango da, Imanol Larzabal aretoan (22:30). Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Uxue Alberdi eta Alaia Martin arituko dira oholtza gainean.

MAM-eko argazkia: alaia-amets-hitzetik_

Arzallus eta Martin, taula gainean ibiliko diren bertsolarietako bi. Argazkia: EiTB

Ekitaldi bereziren baten bila daudenek, aldiz, Loiolara jo beharko dute. Mikel Pagadiren gidoiarekin auzotarrek grabatutako "Loiolako X Expedienteak" bideoa eskainiko baitute kultur etxean (19:00).

Etxeko txikienentzat, bi zita: "Lur eta Urtziren bidaia" ipuina (Amarako Ernest Lluck kultur etxean, 17:30ean) eta "Galtzagorriak" Txotxongillo Taldearen ikuskizuna (Martuteneko Etxarrienean, 18:00etan).

Gainerako ekitaldiak, auzoz auzo, DonostiaEuskaraz.eus webgunean.

Abenduaren 3an

Euskararen Egunean ere, denetarik izango da: bertso-saioak, umeentzako ekitaldiak, zinema euskaraz…

Aukera zabalaren artean, hiru ekimen aipagarri: Donostiako Kantu Zaharren Afaria izango da Kursaalen, 20:00etan. Bertaratzen direnek Ni Neu jatetxeak eskainitako afariaz gozatzeko aukera izango dute, eta kantutegi tradizionaleko abestiak kantatuz parte hartuko dute. ETBk grabatuko du afari-legea.

Larratxon, Juan Mari Irigoienen "Ipuin batean bezala" irakurriko dute plazan. 13:00etan da hitzordua. Ordu erdi lehenago, Martutenen, "Engraxi eta Klaus egun batez Martutenen" Juan Luis Zabalak idatzitako eta auzo horretako bizilagunek elkarlanean grabatu eta kontatutako ipuinaren aurkezpena egingo dute.

Gainerako ekitaldiak, hemen, auzoz auzo.

GASTEIZ

Arabako hiriburuan, azaroaren 26an hasi ziren Euskararen Eguna ospatzen, baina oraindik badago zer ikusi eta zer entzun.

Abenduaren 2an, ostiralez, Vitoria-Gasteiz itzulpen sariak banatuko dira, hauek ere Oihaneder Euskararen Etxean. Patxi Zubizarreta (Dalai Lamaren zaldiak) eta Koro Navarro (Katu beltza eta izumenezko beste ipuin batzuk) dira aurtengo saridunak.

EM - UM 02.11.2016 Patxi Zubizarreta Z

Zubizarreta, artxiboko argazki batean. EiTB

Egun handirako, abenduaren 3rako, hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Umeei zuzendutako batekin hasiko dute eguna. "Zikoinak" filma ikusgai izango da Florida zinemetan (12:00).

Arratsaldean, 19:00etan hasita, "Euskaraz Bizi Nahi dugu" bertso-bideoklipa aurkeztuko dute Oihaneder Euskararen Etxean. Hura amaituta, kalejira egingo dute Andre Maria Zuriaren plazaraino, eta hantxe,  Geu elkarteak antolatuta, "Euskarak 365 egun kandelen mosaikoa" piztuko dute.

BILBO

Bizkaiko hiriburuak ere, euskaraz hartuko du arnasa datozen egunetan. Abenduaren 2an, literatura eta musika uztartuko dituen ikuskizuna izango da Bidebarrietako liburutegian (19:30). "Larruaren kodea da nola" izenpean, Agur Meabe idazlearen eta Mikel Inunziaga Inun musikariaren emariak batuko dituzte emanaldian.

Abenduaren 2an, Lauaxeta Sariak banatuko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak (11:30). Aurten Ohorezko sari indibiduala Jose Angel Iribarrek jasoko du, eta taldekoa, berriz, Bizkaiko euskaltegiek. Juan Kruz Igerabide, Garazi Ugalde eta Hannot Mintegia dira beste saridunak.

Jose Angel Iribar, Athletic Bilbao futbol taldeko zuzendariaren albokoa

Iribarri emango diote aurten Ohorezko Lauaxeta Saria. Argazkia: EiTB

Euskaltzaindia omentzeko, ekitaldi instituzionala egingo du Udalak, 13:00etatik aurrera.

Asko dira Bilboko auzoetan Euskararen Egunaren harira antolatukoak. Otxarkoagan honakoak prestatu ditu Mahatserri kultur elkarteak:

 

Eta Atxurin honakoak daude iragarrita:

 

 

IRUÑEA

Lehen aldiz, Euskararen Eguna ofizialki ospatuko dute Nafarroan, eta ekitaldi andana antolatu du Gobernuak Iruñean, Altsasun eta Tuteran.

Hiriburuan, haurrei zuzendutako emanaldiak eta kontzertuak daude aurreikusita abenduaren 3an. Etxeko txikienentzat, "Txantxariak" ikuskizuna eskainiko dute Antoniutti parkean, 11:30ean, kantuekin eta musikarekin jolas egiteko aukera izango dute 3 eta 12 urte bitarteko umeek.

Leku berean, baina 20:30ean, Irunberriko Altxatu hirukotearen kontzertua izango da. Eguna Oihan Vega DJ ezagunaren disko-festarekin bukatuko da.

Altsasun, "Euskaraz jolastu" haur jolasen ikuskizuna dago aurreikusita, Dindaia Fundazioaren eskutik, Iortia plazan, 11:00etatik 13:00etara. Horrez gain, euskarazko zinema zikloa antolatu dute. Abenduaren 3an bertan, 20:00etan, Jon Maiak zuzendutako "Gutik zura" dokumentala eskainiko dute. Biharamunean, 17:00etan, "Zikoinak" umeentzako filma emango dute.

Tuteran ere, "Euskaraz jolastu" haur ikuskizuna taularatuko dute, euskaraz eta gaztelaniaz, 17:00etatik 19:00etara, Lestonnac gizarte etxean.

Iruzkinak

Publizitatea
Publizitatea
Publizitatea
Publizitatea
Publizitatea

Bisitatuena

    Kargatzen ikusiena
        Kargatzen ikusiena