Itxi

Euskara

Elkarrizketa

Andres Urrutia politika adostuaren alde, euskarari dagokionez

Agentziak | Erredakzioa

Euskaltzainburua elkarrizketatu dute, Akademiaren webgunean, eta euskara batua egokitu eta garatzearen alde egin du, "premia berriak batuaren bidez adierazi ahal izateko".

Andres Urrutia euskaltzainburuaren ustez, euskarak “hizkuntza politika adostua eta halakoa egiteko foroak” behar ditu, garatu eta euskal gizartean zabaltzeko.

Plazaberri Akademiaren blogean egindako elkarrizketa batean esan ditu hitz horiek Urrutiak, eta euskara “ideologia bakar batera” lerratu behar ez dela gaineratu du bertan.

Euskaltzainburuak euskara batua ere hartu du hizpide, eta “batua berriz asmatu” baino gehiago, hizkuntza “egokitu eta aitzina eraman” behar dela esan du, “premia berriak batuaren bidez adierazi ahal izateko”.

“Euskalkietatik batua aberasteko katea berriz asmatu behar da, baldin eta batua bizia nahi badugu”, erantsi du jarraian.

Akademiaren egoerari buruz, Euskaltzaindiak, beharrezkoa izateko, bere zereginak bete behar dituela uste du Urrutiak, “gizartearen premiei euskara eta euskal kulturaren alorrean erantzun”.

Urrutiak aitortu du euskaltzainak ez direla gazteak,”baina euskaltzain izateak berak eskatzen du ibilbide eta jakintza bat, curriculum bat euskalgintzan. Horrek ez du esan nahi Euskaltzaindia erakunde zaharkitua dela. Aitzitik, gure batzordeetan jende asko dago lanean, tartean, dozenaka urgazle eta teknikari gazte".